Txagañeta eta Portamusuberari loturiko hirigintza gaiak ere hizpide atzokoan

Noaua Aldizkaria 2013ko urr. 30a, 00:00

Txagañeta edota Portamusubera eremuei eragingo dien hirigintza alorreko bi erabaki hartu zituen udalbatzak, atzo burutu zen osoko ohiko bilkuran:

TXAGAÑETAKO KAROBIA BABESTUKO DUTE
Hiri Antolamenduko Arau Subsidiarioetako S-4 izendapena duen eremuko ezaugarri fitxaren 10 aldaketa puntuala hasieraz onartzea erabaki zuen udalbatzak, gehiengo osoz. Beste erabaki bat ere hartu zen, "Hiri Antolamenduko Arau Subsidiarioen 10 aldaketa honek eragiten duen eremu osoan eraikitzeko eta lur zatiketarako baimen emakidak etetea, beti ere hartutako erabaki berriak indarrean dagoen Erregimen Urbanistikoa aldatzen badu. Hasierako onespenari loturiko etendura gehienez bi urteko epean indarrean egongo da, aipatutako planaren behin betiko onespena lortzen denean indarrik gabe geratuko delarik". Orain, hilabeteko epea egongo da alegazioak aurkezteko. Iragarkiak Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta ohiko egunkarietan argitaratuko dira. 

Aginagako Txagañeta eremuko lur jabeekin hainbat bilera egin ostean, udalbatzak atzo hartutako erabaki honekin, honako aldaketak bideratu asmo daude:
-Txagañetako mugapena murriztea bertako kudeaketa ahalbideratzeko.
-Zati bat desklasifikatzea, bertako bi etxe jabeek eremu horretan dagoen karobia babesteko eginiko eskaera bete dadin.
-Zati baterako urbanizagarri industriala sailkapena mantentzea, bertan pabilioi bat eraiki dadin.
-S-4 sektore berri bat sortzea, Euskadiko Lurzoruaren Legeak ezarritako estandarrak betetzen dituena.
-Eremuko eraikinetara sarbidea hobetuko duen bidea sortzea. 

PORTAMUSUBERA
Udalak berriz izapidetu du plana. Eta atzoko osoko bilkurara eremu honi loturiko honako proposamena eraman zuen; eremu horretako Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren hasierako onespeneko dokumentuari aurkeztua zioten alegazioa partzialki aintzakotzat hartzea eta Plan Berezia behin betikoz onartzea. EH Bilduk alde bozkatu zuen. Hamaikabat, PSE-EE eta EAJ-PNV abstenitu ziren. Plan barezia, Foru Aldundira bidaliko da eta udalbatzak atzo hartutako erabakia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da. 

URDAIAGA BASERRIKO BIRGAITZEA
Gai honen harira, batetik, baserria bera berritzeko obra, interes berezikoa izendatzea onartu zuen udalbatzak aho batez, "duen interes historiko, artistiko eta kulturalagatik". Eraberritze lanak bideratzeko emandako udal-baimena dela eta, "ezarritako eraikuntza, instalazio eta obra gaineko zergari %50eko hobaria aplikatzeko agintzea" erabaki zuen baita udalbatzak.