Esku hartzeko irizpide eta neurriak zehaztu eta erregulatzea, helburu horixe du atzoko osoko bilkuran gehiengo osoz hasieraz onartu zen udal ordenantza honek. Guztia, "ezintasuna duten pertsonek ingurune fisikora iristeko modua izan dezaten". Errealitatean sarritan oztopo ugarirekin topo egiten baitute. Hainbat etxebizitzetan dauden oztopoei aurre egin nahi dio aipatu araudi honek. Argi dio udal txostenak, "eraikinetako etxebizitza askok eta askok, eta askotan eraikinek ere, irisgarritasunaren aldetik zailtasunak eta arazoak dituzte ezinduentzat. Hirigintza edota arkitektura trabak dira ezinduei irisgarritasuna zailtzen edo eragozten dietenak". Hartara, irisgarritasuna hobetzeko igogailuak edo arrapalak jartzea erraztu nahi du udal ordenantza honek.
Araudi honetan, "nahitaezko desjabetzea bideratzeko irizpideak eta metodologia finkatzen dira". Honakoa ere ahalbidetuko du, "igogailuak edo bestelako elementuak instalatzeko ezinbestekoak suertatzen diren espazio libreko edo jabari publikoko azalerak hartzea".
Bilduk eta PSE-EEk udal ordenantzaren alde bozkatu zuten. Hamaikabat, Aralar eta EAJ-PNV abstenitu ziren. 30 lan eguneko alegazio epea irekiko da orain. Erreklamaziorik ez bada aurkezten, udal ordenantza behin betiko onartutzat joko da.