Europako Giza Eskubideen Epaitegiak 197/2006 doktrinaren aurkako epaia kaleratu zuenetik bederatzi egun igaro dira. Estrasburgok adierazitakoaren arabera, doktrina hau aplikatu zioten 50etik gora euskal presok jada kalean behar dute, baina egun oraindik espetxean jarraitzen dute; horien artean usurbildar batek, Ramon Uribe kalezartarrak. NOAUA!k kaleratu berri duen astekarirako, bere arreba Ainararekin hitz egin du. Oso pozik hartu dute Estrasburgoko epaia, "ez genuen espero hain argia izatea. Epaiak agian Ines del Riori bakarrik eragingo ziola uste genuen, baina ez, orokorra izan da. Poztekoa".
Halere hankak lur gainean dituztela diote, iragan abenduaren 3an gertaturikoa gogoan dute eta. Espetxe zigor osoa beteta, eta Estrasburgok dioen moduan, Ramon Uribe egun hartan utzi behar zuten aske. Baina ia urtea bete den honetan Salamancako Topas espetxean jarraitzen du. Egoera berean diren gainerako euskal presoak bezala, Espainiako Auzitegi Nazionalak zer erabakiko zain. Horregatik, epaiaren aurrean poztasuna agertu bai, baina abenduaren 3ko gertaeren ostean, "hankak lur gainean ditugu" dio Ainarak. Edozein kasutan, argi dute; "epaia bete beharra dute". Sendiaren izenean, eskerrak helarazi nahi dituzte jaso dituzten elkartasun keinu eta mezuengatik. Eta presoen eskubideen aldeko defentsan jarraitu beharko dela dio Ainarak, oraindik "preso asko dago eta bai herrian eta Euskal Herrian".