Herrirari loturiko mozioa aurkeztu eta onartu dute, EH Bilduk eta EAJ-PNVk

Noaua Aldizkaria 2013ko urr. 30a, 00:00

Irailaren 30ean Herriraren aurka burutu zen polizia operazioaren harira, premiazko eta ezohiko osoko bilkura deitu zuten urriaren 3an. Saio hartan, Herriraren aldeko mozioa onartu zuen udalbatzak gehiengo osoz. EAJ-PNVko ordezkari Andoni Atxega abstenitu egin zen bozketan. Gasteizko Legebiltzarrean EH Bilduk eta EAJ-PNVk adostu berri zuten mozioa aurkeztu eta onartzea nahiago zuela adierazi zuen. Une hartan ez, baina hurrengo osoko bilkura batean Gasteizen aurrera atera zen testu hura Usurbilgo udalbatza aretoan tratatzekotan geratu ziren. Atzo burutu zen osoko ohiko bilkurara eraman zuten EH Bilduk eta EAJ-PNVk Herriraren aurkako polizia operazioaren harira adostu duten mozioa. Gehiengo osoz onartu zen, bi udal taldeon aldeko bozkekin. PSE-EE eta Hamaikabat abstenitu ziren.

Bi puntu nabarmentzen ditu testuak. Batetik, "PPren Gobernuaren eta Auzitegi Nazionalaren estrategia politiko-judizial partekatua" salatzen da. Eta bestalde, irailaren 30ean atxilotu zituzten 18 lagunei eta Herrira elkarteari "ezartzen dizkien karguak berta behera uztea eskatzen du". Azken polizia operazio hau, bake prozesua finkatzeari begira, atzera pausoa suposatzen duela dio testuak eta euskal presoak bizi duten oinarrizko eskubideen etengabeko zapalketak ez duela laguntzen konponbidea bilatzen.

Hona hemen, atzo onarturiko mozioa, bere osotasunean:



HERRIRAREN AURKAKO ERASOARI BURUZKO MOZIOA
Euskal Herrian aldaketa politiko sakonak bizi izan ditugu azken urteetan. Aldaketa politiko sakona izan da ETA erakundeak erabaki eta adierazi izana 2011ko urriaren 20an bere jarduera armatuaren behin betiko amaiera. Herri hau, giza eskubide guztien onarpenean eta defentsan oinarrituz, demokrazia eta bakea garatuz eta herritarren borondatea oinarritzat hartuz eraiki behar dela, herri honen gehiengoak aspaldi egindako hautua da.

Hilabete honetan, "Herrira" plataformako kideen aurkako operazioa bizitu dugu. "Dena ETA da" tesiari eutsiz egin dituzte atxiloketa, miaketa eta operazioa. Euskal Herrian bake prozesua bultzatu eta finkatzeko bidean atzeraldia suposatzen dutelarik. Euskal Herriko erakundeek eta gizartearen gehiengo nabarmenak euskal presoak jasaten ari diren oinarrizko eskubideen urraketak behin eta berriz salatu dituzte, legeak, zuzenbide internazionalak eta giza eskubideen deklarazioak presoei aitortzen dizkien eskubideak defendatzea zilegia dela adieraziz.

Oinarrizko eskubideen etengabeko zapalketak ez dira inolaz ere lagungarri gure Herriak bizi duen soluzio bilaketarako. Soluzioa baitator batetik, oinarrizko eskubide ororen errespetatzetik eta bestetik, gure Herriak bizi duen gatazka politikoa itxiko duen akordio politikoa lortzetik; beti ere gure Herriak bere etorkizun politikoa erabakitzeko duen eskubide demokratikoa oinarri hartuta. Erakunde politikoen ilegalizazio prozesuek eten egiten dituzte oinarrizko eskubide diren ideologia, adierazpen, elkartze eta partehartze aldarrikapen demokratikoak; euskal gizartearen aniztasun politikoari zor zaion errespetuari eragiten diote zuzen zuzenean, eta baita gure herriko elkarbizitzari ere; eta guztiz urruntzen gaituzte euskal gizarteak behin eta berriz eskatzen duen normalizazio politiko eszenatokietatik.

1. Usurbilgo udalbatzak PPren Gobernuaren eta Auzitegi Nazionalaren estrategia politiko-judizial partekatua salatzen dute, "dena ETA da" tesia aktibatzeagatik, ETAk duela ia bi urte ekintza armatuaren behin betiko etena aldarrikatu zuela jakitun izan arren eta ETAren erabakiaren irrebertsibilitatea eta egiazkotasuna egiaztatzeko ardura politikoa bere gain hartu beharrean, eta bake prozesua bultzatu beharrean, aipatu taldearen ekintzak irauten duen ideia berreskuratu nahian dabiltzalako. Zentzu horretan, udalbatzak udal gobernuari eskatzen dio salaketa honekin bat egin dezan.

2. Usurbilgo udalbatzak euskal herritarron eskubide zibil eta politikoen errespetu eta "Herrira"ren baitan euskal presoen oinarrizko eskubideen alde lanean ari ziren atxilotutako pertsonen eta elkarteari ezartzen dizkien karguak bertan behera uztea eskatzen du. Zentzu horretan, udalbatzak udal gobernuari eskatzen dio eskaera honen defentsa egin dezan.