Zumetaren dokumental estreinatu berria, datorren Kulturaldian

Noaua Aldizkaria 2013ko urr. 31a, 00:00

Zaku bete proposamenekin dator NOAUA!, azarorako. Urtero moduan, Kulturaldia ate joka dugu. Musika, antzerkia, ibilaldia, proiekzioak... Denetariko formatuak nahastuko dira, sei egunez, azaroaren 8tik 17ra bitarte. Izen propio bat nabarmentzekoen artean; Jose Luis Zumeta margolaria. Pasa den Zinemaldian estreinatu zen, usurbildarraren sormen lanari buruzko "Izenik gabe, 200x133" dokumentala. NOAUA!k antolaturiko Kulturaldian ikusgai izango da. Udalarekin elkarlanean antolatu du, azaroaren 15ean Sutegin eskainiko den proiekzioa. Emanaldirako sarrera doakoa izango da. Baina proiekzioa ikusteko gonbidapenak aurrez eskuratu beharko dira, Potxoenean edo NOAUA!ko egoitzan. Leku mugatua baitago Sutegiko auditorioan.

Gainerakoan, Joseba Tapiaren hitzaldia, "Agur esatea" filma, herriko ondarea ezagutzeko ibilaldia edo bertso musikatuen saioa programatu dira datozen asteotarako. Hasteko, azaroaren 8an, "Aktibo toxikoa" antzezlana:

AZAROAK 8, OSTIRALA: "AKTIBO TOXIKOA" ANTZEZLANA
Ordua: 20:00.
Tokia: Sutegiko auditorioa.

Edukia: hor dator “Bat”, Bat Jauregi politikaria izandakoa da. Erretiroa hartutako gizasemea. Krisiak bete betean harrapatu du eta ekintza bat egitera dator. Bankuak etxetik bota du eta kale gorrian utzi du. Baina ez dago geldirik egoteko prest. Ez du nahiko kanpaldi, kontzentrazio edo “indignados” talde bat osatzea. Berak beste zerbait antolatu du. Eta horretarako konbokatuko gaitu, zuen herriko kale edo plaza batean, bere ekitaldian parte hartzeko. Oraingo honetan krisi inguruko ikuskizuna aurkezten dizuegu. Zoritxarrez gaia eguneroko saltsa dugu eta gu piper pixka bat jartzeko asmotan gatoz. Bakarrizketa komikoa, non dantza mimoa edo klowna uztartzen diren, ikusleak barrearen bidez bizi dugun egoeraz hausnarketa egin dezan. 

Aktorea: Patxi Santamaria.
Sarrerak: 5 eurotan egunean bertan, eta aurrez Txiriboga tabernan eta NOAUA!ko egoitzan. NOAUA!ko bazkideek 3 eurotan, NOAUA!ko egoitzan eta aldez aurretik. 
Antolatzaileak: Antzerki Ekintza, NOAUA! eta EHAZE.
Laguntzailea: Usurbilgo Udala.


AZAROAK 9, LARUNBATA: "EZ GARA PALESTINAZ ARI" BERTSO-MUSIKATUEN SAIOA
Ordua: 20:00.
Tokia: Sutegiko auditorioa.
Partaideak: Unai Muñoa eta Ander Lizarralde bertsolariak. Aitor Atxega eta Imanol Kamio musikariak.

Edukia: ekarpen bat egin nahi diogu plazari bertsoak, pianoak, akordeoiak eta gitarrak lagunduta. Gu bezala sentitu daitekeenaren ispilu izan nahi dugu. Hain ohituak gauden isildutako egiak aitortzeko ahalegina egitera gatoz, gezurrik gabe. Abilak gara munduaren gaineko irakurketa politiko eta sozialak egiten, bai eta bizilagunak epaitzen ere, baina, erreparatzen al diogu geure barne munduari? Partekatzen al ditugu gure benetako izuak, konplexuak, minak, desioak…? Ez gara kantariak baina kantatu egiten dugu, ez gara aktoreak baina antzeztu egiten dugu, ez gara gidoilariak baina gidoi bat prestatu dugu… Azken batean, garena erakutsi nahi dugu, entzulearen aurrean biluztuko gara: beldurretik ausardiara, burutik emoziora, gizonkeritik gizonera, ridikulotik umorera… Ekarpen bat egin nahi diogu plazari bertsoak, Pianoak, akordeoiak eta gitarrak lagunduta. Gu bezala sentitu daitekeenaren ispilu izan nahi dugu. Hain ohituak gauden isildutako egiak aitortzeko ahalegina egitera gatoz, gezurrik gabe.

Sarrerak: 8 euro egunean bertan edo aurrez, Txiriboga tabernan eta NOAUA! Kultur Elkartean. NOAUA!ko bazkideek 6 eurotan, aurrez eta egoitzan bertan.

Antolatzailea: NOAUA! Kultur Elkartea.


AZAROAK 10, IGANDEA: HERRIKO ONDAREA EZAGUTZEKO IBILALDIA
Ordua: 9:30-13:00.
Ibilbidea: Kaxkotik abiatuta, Urdaiagara, Txokoaldera eta Aginagan amaitu.

Edukia: herria beste begirada batez ezagutzeko aukera, ditugun txokoak balorean jarri eta herri ondareaz apur bat gehiago jakiteko aukera ederra izango da azaroaren 10erako antolatu dugun txangoan. Kaxkoan hasiko dugu goizetik eguerdi partera arte luzatuko den txangoa; Urdaiaga aldera lehenik, Txokoaldera gero, Aginagan amaitzeko. Herritar orori zuzenduriko paseoa, zailtasun gabea, Jakoba Errekondo paisajistaren argibideak bide lagun ditugula.

Oharra: ibilbide amaieran, itzulera autobusez, oinez edo autoz egin ahal izango da.
Antolatzailea: NOAUA! Kultur Elkartea.


AZAROAK 14, OSTEGUNA: JOSEBA TAPIAREN "BELARRIAK SOINU" HITZALDIA
Ordua: 19:30.
Tokia: Potxoenea.

Edukia: irakaskuntza oinarri hartuta “ganbaratik akademiara” proposamen praktikoa. Musika irakaskuntzaren inguruan azken urteetan egindako hausnarketak biltzen ditu jendaurreko saio praktiko honek. Belarriaren garrantzia azpimarratzeko eta azalpenak hornitzeko hainbat instrumentu baliatzen ditu (aho-soinua, ukelelea, baxua edo soinu txikia). Herri musikak (trikitixa, folka, rocka…) ganbaratik akademiara, entsegu lokaletik musika eskolara egin duen bideak kezka sortzen dio Joseba Tapiari, musika klasikoa irakasteko pedagogia bera ezartzen ari delakoan herri musikaren esparruan. 

Sarrera: doan.
Antolatzailea: NOAUA! Kultur Elkartea.


AZAROAK 15, OSTIRALA: ZUMETAREN SORMEN LANARI BURUZKO PROIEKZIOA
Izenburua: "Izenik gabe, 200X133".
Ordua: 19:30.
Tokia: Sutegiko auditorioa.
Zuzendariak: Enara Goikoetxea eta Monika Zumeta.
Gidoia: Miren Juaristi eta Monika Zumeta.
Argazkia: Esteban Ramos.
Iraupena: 82 minutu.

Edukia: Jose Luis Zumeta margolariak desordutan egiten du lan Arribeko (Nafarroa) autobus-garaje zahar batean kokaturiko bere tailerrean. Lan horien sormen-prozesua da dokumental honen muina. Margolariak lehen aldiz erakutsiko du, kamera baten aurrean, bereizgarri duen barru-barruko sormen prozesu bakana. Alde batetik, artistaren alaba Monika Zumeta, eta beste aldetik, Enara Goikoetxea dokumentalgilea dira dokumental honen zuzendariak. Bi zuzendarien arteko lanak eta grabaketa talde murriztu batek, abagune egokia sortu dute, artista grabaketa aparatuez ahaztu dadin eta bere lan metodologia naturaltasun osoz azaldu dezan. "Izenik gabe, 200x133" dokumentalak, Jose Luis Zumeta artista modu zuzen batean ezagutzeko aukera ematen du, beharrezkoak ez diren apaingarriak kenduta "Izenik Gabe 200x133" dokumentalak Donostia Zinemaldiaren 61. edizioan parte hartu du, Zinemira sailean. Usurbilen egingo den aurkezpenean egileen hitzak entzuteko aukera izango dugu.

Sarrera: doan. Gonbidapenak doan eskura daitezke Potxoenean edo NOAUA!n. Plaza mugatuak.
Antolatzaileak: NOAUA! Kultur Elkartea eta Usurbilgo Udala.


AZAROAK 17, IGANDEA: IZASKUN ARANDIAREN "AGUR ESATEA" FILMA
Ordua: 19:00.
Tokia: Sutegiko auditorioa.

Sinopsia: AGUR ESATEA, Gerra Zibilean gertatutako haurtzaroaren eta nortasunaren galerari buruzko istorioa da, baina batez ere, esperantzaz betetako istorio hunkigarria da. Animazio teknika berritzaileak erabiliz, filmak 1937an Erresuma Batura ebakuatu zituzten Euskal Herriko ia 4.000 haurrei buruzko istorioa kontatzen du. Gurasoei agur presaka esatea behartuta, haur hauek Erresuma Batuan hiru hilabetez egongo zirela uste zuten. 75 urteren ostean, batzuk oraindik bertan daude, gurasoengandik eta amalurragatik betirako banatuta. Gatazka itzel eta odoltsuak puskatutako familiak eta suntsitutako haurtzaroak. Gaur egun 80-90 urte bitartean dituzten 14 haurren ahotsen bidez historiaren gertaera tragiko hau kontatuko dugu sakona, eta ustekabekoa den animaziozko dokumental eder honetan. 

Sarrerak: 5 eurotan egunean bertan, eta aurrez Txiriboga tabernan eta NOAUA!ko egoitzan. Bazkideek 3 eurotan, aurrez erosita NOAUA!ko egoitzan.
Antolatzailea: NOAUA! Kultur Elkartea.