"Animal Channel" igandean, euskal zinearen zikloa estreinatzeko

Noaua Aldizkaria 2013ko urr. 31a, 00:00

Igandean estreinatuko da, Usurbilgo Udalak udazken eta negu parte honetarako antolatu duen euskal zineaz gozatzeko zikloa. Haurrei zuzenduriko film batekin estreinatuko dute ekimen berria; "Animal Channel" izeneko lanarekin hain zuzen. "Cathy zikoinak eta Nicolás saguak, euren zinema itxi beharko dute. Adorea eta irudimena dute ezaugarri eta horiexek erabiliko dituzte Aita Saguk zuzendutako telebista katea berrian lan egiteko berri-biltzaile ausart gisa. Laster ulertuko dute izarra izateko programa berezia behar dutela. Baina ez da erraza izango", honela hasten da "Animal Channel". Azaroaren 3an, igandez ikusgai, arratsaldeko 17:00etatik aurrera Sutegiko auditorioan. Sarrerak 3 eurotan.

Aurrerantzean, azarotik martxora, hilero euskarazko bi film proiektatuko dituzte Sutegin; lehen igandeetan haurrei zuzendurikoak, 17:00etan hasita, 3 euroren truke. Bigarren igandeetan, helduentzako filmak, 18:00etatik aurrera, 5 euroko sarrera ordainduta. Helduei zuzenduriko ziklo honetako lehen filma beraz, azaroaren 10ean proiekatuko dute. Duela gutxi estreinatu den "Amaren eskuak". 

Igande arratsalde ilun eta hotzak, Sutegiko auditorioko goxotasunean, butaka erosoetan eseri eta euskal zinea ikusiz, gozatuz igarotzeko aukera izango da hurrengo bost hilabeteetan. Izenburuok osatuko dute Sutegiko film saila:

HAURRENTZAT:
-"Animal Channel".
-"Blackie kanuto".
-"Kiriku eta basapiztiak".
-"Malutatxo".
-"Ahmed, Alhanbrako printzea".

HELDUENTZAT:
-"Amaren eskuak".
-"Azken bidaia".
-"Mugaldekoak".
-"Sukalde kontuak".
-"Zorion perfektua".