Horixe Hurbilago Elkarteak, Udala eta ibilbide gastronomiko honetan parte hartzen ari diren zazpi tabernarekin batera, Tipi-Taparen bigarren denboraldi honetan txertatu duten berrikuntzetako bat. Lehen bi hilean behin zozketatzen zuten, Hurbilagoren establezimenduetan xahutzeko 300 euroko erosketa balea. Orain aldiz, Tipi-Tapako pintxoak zazpi tabernetan dastatu eta edaritegi guztiotako zigiluak lortzen dituztenen artean, hilero 150 euroko erosketa balea irabazi ahal izango du norbaitek. Datorren zozketa igande honetan, azaroaren 3an, arratsaldeko 15:00etan Xarma tabernan.
Bederatzigarren Tipi-Taparen edizio amaieran egingo da zozketa. Gogoan izan, azaroko ediziorako gazta hautatu dutela tabernariek, pintxo bereziak elaboratzeko. Lasaña, brotxetak, kroketak, pudina… denetariko pintxo bereziak dastatu ahal izango dira igande goiz eta eguerdi partean, urteko ardo zuri, gorri edo beltz, txakolin, ur, sagardo, zurito edo muztioz lagundua 2 eurotan. Edaririk gabe, pintxoa bakarrik, 1,5 euroren truke. On egin!