Bitxien erakusketa inauguratuko dute gaur 20:30etan Artzabalen

Noaua Aldizkaria 2013ko urr. 31a, 00:00

Milimetrotan Bitxigileak taldekoen lana ezagutzeko aukera izango da gaurtik aurrera Artzabalen. 20:30etan inauguratuko dute erakusketa, taldea osatzen duten hiru lagunek; Maider Mendinueta legazpiarrak, Maider Zunzunegi legorretarrak eta haiekin usurbildar batek, Agara Agirrek. Ez datoz esku hutsik. Gaurko inaugurazio ekitaldian, azken egunotan sare sozialen bidez antolatu dituzten lehiaketetan parte hartu dutenen arteko zozketak egingo baitituzte. Batetik, euren bitxiak erosi eta jantzita argazkiak bidali dituzten bezeroen artean oparitxo bat banatu asmo dute. Baita Facebooken duten orrialdearen (Milimetrotan bitxigileak) lagun egin direnen artean ere. Milimetrotan Bitxigileak, biharko Aitzaga Elkarteak antolatu duen Artisautza Azokan egongo da. 

"AMA!!!Txo"
Urriaren 18an inauguratu zen erakusketa bisitatzeko aukera izango da berriz, gaurtik igandera Sutegiko aretoan. Dozenatik gora artisten lanak biltzen ditu erakusketak, tartean, Pelex usurbildarraren eskultura bat; Peio Goello, Olatz Goiburu, Carlos Ausserladscheider, Aitor Ruiz de Egino, Javier Soto, Iker Valle, Keixeta, Jon Zabaleta, Ricardo Pascual, Alain Sistiaga, Gorka Salmeron, Xabier Celestino eta Gonzalo Etxeberriaren artelanak. Lan guztiek, ama dute hizpide nagusi. Azaroaren 17ra arte zabalik izango da astero, ostegunetik igandera, ordutegi honetan: 
-Osteguna eta ostirala: 18:00-20:00.
-Larunbata: 12:00-14:00 eta 18:00-20:00.
-Igandea eta jaiegunak: 12:00-14:00.