LIBRE gunea, ostiraleko Artisautza Azokan

Noaua Aldizkaria 2013ko urr. 31a, 00:00

ETArekin kolaboratzea egozten diote eta bere ondasun guztiak konfiskatzeko arriskuan dago Aitzaga Elkartea. Espainiako Auzitegi Nazionalean, 35/02 sumarioari loturik 36 lagun eta 110 herriko taberna edo elkarte epaitzen ari dira; Aitzaga Elkartea tartean. Atzo hain zuzen, herriko taberna eta elkarteotako ordezkariak deklaratzen hastekoak ziren. Baina azken orduan, Fiskaltzak ordezkari guztioi galdeketa egin asmo ziela ikusita, deklaratzeari uko egin zioten.

Testuinguru honetan, ostiral honetarako Aitzaga Elkarteak antolatu duen Artisau Azokaren baitan, LIBRE gunea antolatu dute frontoi inguruan. Bertan herritarrek, abian den epaiketa salatu eta elkarteari babesa adierazteko aukera izango dute. LIBRE mugimenduari loturiko informazio gehiago:
libre.epaiketarikez.org
facebook.com/libre.usurbil
twitter.com/LibreUsurbil
libreusurbil@gmail.com

Oharra: antolaketa lanetan parte hartu edo ekarpenik egin nahi duenak, astelehen arratsaldero 19:00etan bilera Aitzaga Elkartean.

Madrilen abian diren epaiketa politikoen aurka Aitzaga Elkarteak aurkeztutako mozioa onartu zuen udalbatzak gehiengo osoz, iragan astearteko osoko ohiko bilkuran. Honakoa dio testuak:


EPAIKETA POLITIKO GEHIAGORIK EZ!
Urriaren 14an eta 17an hamarnaka euskal herritarren aurkako epaiketa hasi zen Espainiako Entzutegi Nazionalean. Azken urteetan zain egon ondoren, batzuen kasuan gainera hamaika urte baino gehiago, epaiketa azken urratsera heldu da.

Urteetako ibilbideak argi eta garbi erakutsi du, salbuespenezko legeriaren itzalean, lan politikoa egiten ari ziren euskal herritarrak zigortu dituztela. Ehunka izan dira herri honetan, hauteskundeetan parte hartu nahi izateagatik, herri proiektuak aurrera ateratzen lana egiteagatik, sektore desberdinen kezkak bere egin eta politikoki erantzuteagatik auziperatu eta espetxeratu dituztenak. 

Usurbilen bertan badugu herritar bat egoera jasanezin honetan, Marisa Alejandro hain zuzen ere. 50.000 euroko bermea ordainduta, 2010eko apirilaz geroztik behin behineko askatasunean da, bere militantzia politikoagatik noiz epaituko duten zain.

Are, 35/02 deituriko sumarioan, beste 110 bat elkarte bezala, Usurbilgo Aitzaga elkartea bera ere inputatua izan da. "Dena da ETA" Entzutegi Nazionalaren teoria aplikatuta, erakundea diruz lagundu izana leporatzen zaio, argi baino argiago denean elkarteko kideen ahaleginez sortutako eta zailtasunez mantendutako elkartea dela, herriko dinamikan txertatua, eta herriko taldeei eta herritar orori bere ateak beti ireki dizkiona. Orain, salbuespenezko epaitegiak ETArekin kolaboratzea ontzat emango balu, bere ondasun guztiak konfiskatzeko arriskuan dago. Zalantzarik ez dugu: epaiketa honekin Estatu espainolak mendeku politikoa bilatzen du.

Euskal Herrian, konponbide eta bake haizea indartsu dabilen honetan, iraganeko egoeretara itzultzerik ez du onartzen gizarteak. Sufrimendu fasea gainditu eta elkarrizketa, akordioa eta aukera politiko guztiekiko errespetua oinarri izango duen egoera behar dugu. Eta kontrako norabidean ematen diren urratsak baztertu egin behar direla argia da.

Bi epaiketa hauek, eta jarraian burutuko direnak testuinguru berean emango direla kontuan hartuta, garai berria zabaltzeko Euskal Herriak agertu duen erabakiari eraso egiten diete, konponbide baketsua blokeatu asmoz.

Hau guztia kontuan hartuta, udal honek honako erabaki hauek hartzen ditu:
-Ez daitezela epaiketa politiko gehiagorik egin.
-Eskandaluzko instrukzio bidegabeetan oinarritutako epaiketa guztiak artxiba daitezela.
-Prozedura judizial guztietatik etsaiaren zigor zuzenbidearen aplikazioa desager dadila.
-Aniztasun politikoa eta elkartze, nahiz adierazpen nahiz askatasun politikorako funtsezko eskubideak baldintzarik gabe errespeta daitezela.
-Elkarbizitza demokratikorako oinarri sendoak ezar ditzagun.