Artisauak protagonista gaur

Noaua Aldizkaria 2013ko aza. 1a, 00:00

Hogeitik gora artisau gerturatu dira aurten, frontoian ospatu den XVIII. Artisautza Azokara. Hego haizeak berotu du giroa, eta herritar ugari bertaratu da pilotalekura. Tartean, azaroko lehen eguna izanik, hildako lagun edo senideak oroitzera kalera atera den bat baino gehiago. Askok bazkal aurreko tartea baliatu dute, eguerdia, azokatik osteratxo bat egin eta erosketaren bat egiteko. Ohikoa den moduan, erosleak baino ikusle gehiago izan dira frontoian, postuetako eskaintza ikusten. Egur lanketan ari ziren artisau batzuk, harrigintzan diharduenaren postua ere hutsik egin gabe hor zen aurten ere. Ukenduena, loreak, gaztak, edota aipatzekoa baita, bitxigintzako postu bat baino gehiago bisita zitezkeen gaurkoan. Bitxigileen artean, bi postu usurbildarrenak ziren.

Eta herritarrak ikusi ditugu baita, hamaiketako goxoa askoa zerbitzatzen. Taloak egiten aritu da talde bat, eta beste lagun koadrila bat, gaztainak banatzen aritu da.

Elkartasun ekimenak
Aldarrikapenerako tartea izan da gaurkoan. Gogoan izan, Aitzaga Elkarteak antolatu duela Artisautza Azoka, 36 lagunekin eta beste ehunetik gora elkarte eta herriko tabernekin batera, Espainiako Auzitegi Nazionalean epaitua izaten ari den elkartea. Aitzagari babesa ematen aritu dira herritarrak, goizetik eguerdi partera egin diren txandakako elkarretaratzeen bidez. Elkarteari babesa adierazteko ere sinadurak biltzen aritu dira, Aitzaga atarian. Ekimenok, azken asteotako mobilizazioak bezala, Usurbilgo LIBRE mugimenduak deitu ditu.

Frontoi sarreran bestalde, banka etikoari buruzko informazioa banatzen aritu da Usurbilgo Fiare taldea.