Udazken parteko lehen alerta horia indarrean, euriteengatik

Noaua Aldizkaria 2013ko aza. 4a, 00:00

Eguna nola esnatu den ikusita, argi dago, udazken betean sartu gara jada. Hotza eta euri zaparradak noiz nahi azaroaren 4 honetan. Urte garai honetako lehen alerta egoera indarrean jarri dute. Alerta horian egongo gara astelehen eta astearte honetan, euri zaparrada mardulak bota ditzakeelako, Euskalmetetik iragarri dutenez, Gipuzkoa ekialde honetan bereziki. Datozen 24 ordutan, bihar eguerdira arte, metro karratuko 60 litro ere pilatu omen daitezke.

Gaurko, "eguraldi oso traketsa espero da, euritsua. Mendebaldeko haizea zakar ibiliko da eta euria etengabe egingo du. Hala ere, goiz erditik aurrera euri gehiago egingo du, gogotik eta mardul, haizea ipar-mendebaldera aldatu ondoren, batez ere kantauri isurialdean. Tenperatura apur bat jaitsi egingo da, eta balio altuenak 14-16 ºC artekoak izango dira". 

Bihar, egunaren lehen zatian ere berdintsu, eta arratsaldean atertze aldera egingo omen du. "Asteartean ere euri kontuekin jarraituko dugu. Mendebaldeko edo ipar-mendebaldeko haizea zakar samar ibiliko da, eta euria, batik bat, kantauri isurialdearen ekialdean egingo du. Hegoaldean, nahiz eta lainotuta egon, euri gutxiago egingo du, eta aterruneak ere maiz izango ditugu; arratsaldean, gainera, atertzera egingo du. Tenperatura pixka bat igo egingo da", diote Euskalmet-etik.