Udazken eta negu parterako Usurbilgo Udalak antolatu duen euskarazko filmen zikloa abiatu berri da. Zikloa atzo hasi zuten, “Animal Channel” haurrentzako filma eskainita. Iragarri moduan, igande honetan helduen txanda izango da. Estreinatu berri den "Amaren eskuak" filma ikusteko aukera izango da Sutegiko auditorioan, arratsaldeko 18:00etan hasita. Sarrerak 5 eurotan eskuratu ahal izango dira.
Karmele Jaioren liburuan oinarrituta zuzendu du filma Mireia Gabilondok. Nerea, 38 urteko ama bat du protagonista. Egunkari bateko erredakzioan lan egiten du. Bere bizitza familiarra eta profesionala uztartu nahi ditu. Bere oreka eskasa halere, bertan behera eroriko zaio, memoria galera bat dela eta, bere ama Luisa ospitalera eramaten duten egunean. Nerea errudun sentitzen da gaixotasunaren lehen arrastoak hastean erreakzionatu ez zuelako, eta orain, Luisak iraganera jauzi nola egiten duen ikusiko du. Amak ezkutuan zuen aurpegi bat ezagutuko du, beraien bien iraganeko bizipenen parekotasuna ikusiko du, beraien memorian bizi diren mamuen antzekotasuna.
Hilabete honetan hasi eta martxora arte, hilero lehen igandeetan haurrei zuzenduriko pelikulak proiektatuko dira Sutegiko auditorioan; bigarren igandeetan helduei zuzendurikoak. Hauexek martxora bitarte proiektatuko diren filmak:
HAURRENTZAT:
-"Blackie kanuto".
-"Kiriku eta basapiztiak".
-"Malutatxo".
-"Ahmed, Alhanbrako printzea".
HELDUENTZAT:
-"Azken bidaia".
-"Mugaldekoak".
-"Sukalde kontuak".
-"Zorion perfektua".