Andatzak antolaturiko irteeran izen ematea, asteazkenera arte

Noaua Aldizkaria 2013ko aza. 4a, 00:00

Igande honetarako, azaroaren 10erako Andatza Mendizaleen Kirol Taldekoek antolatuta, Bidarrai eta Amaiur lotuko dituen txangorako izen emateko epea etzi, hilaren 6an itxiko dute. 15 euro ordaindu beharko dituzte Andatzako bazkide eta langabetuek, 17 euro gainerakoek. Ordainketak Andatza Mendizaleen Kirol Taldeak Kutxabanken duen kontu korronte zenbaki honetan egin beharko dira: 2095 5069 07 1068489805. Plazak mugatuak izango dira, eta lehentasuna Andatza MKTko bazkideek izango dute. Janaria norberak eraman beharko du, edaria antolatzaileen esku. Otordua, ibilbide amaieran egingo dute.

Usurbildik autobusez abiatzeko hitzordua azaroaren 10ean, goizeko 6:30etarako finkatu dute Oiardo Kiroldegian. Bidarrai-Amaiur arteko ibilbidea 17 kilometrokoa izango da, bost bat ordu eta erdiz egiteko modukoa. Informazio gehiago: andatza.com

IBILBIDEA
"Ibilbide erakargarri hau Bidarrain hasi eta Amaiurren bukatzen da. Bidarraitik Infernuko Zubira joko dugu, Baztan ibaiari jarraituz Sumus bentara iristeko (150m). Benta honen atzetik hasten da Alkaxurira (Irubelakaskoa) bidea. Goruntz goazela eskuinetara Aritzakun erreka, Itsusiko haitzak eta Harpeko Saindua utziko ditugu eta ezkerretara, Urritzate erreka eta Iparlako gailurreria (1044m). Aritzakun eta Urritzatek Baztan ibaia osatzen dute Sumusen.

Garo artean doan bide zidor maldatsuak igoeraren erdi-parean dagoen lepora bideratzen gaitu, Ezkietako bi harkaitz puntak ezkerretara utziz. Jarraian, baso batetik pasatu ondoren, gailurreriak dituen harkaitzezko eta zailtasun gutxiko pausoak intuizioz aukeratuz, Irubelakaskoaren gailurrera (967m) iritsiko gara. 2h30min. Irubelakaskoa, mendi piramidal zorrotz ikusgarria izateaz aparte, bista ederrak eskaintzen ditu: Iparla, Artzamendi, Gorramendi, Gorramakil eta Auza besteak beste. Atseden egin ondoren, Gorostiko lepora joko dugu, izen bereko borden ondotik igaroz Burdingurutzetako lepora iritsiko. Ezkerretara Gorramakil eta Gorramendi utziz, harizti eta pagadi ederretan murgilduko gara, Urtsuko bordatik pasatuz, Itzulegiko lepora ailegatzeko. Hemen, Amaiur bistan dugula, jaitsiera alaitsuari ekingo diogu baserri sendoetatik pasatuz, Amaiurko (275m) herri historiko honek oparitzen dizkigun etxe ikusgarrien artean amaitzeko. Denetara 5 bat ordu. 17km inguru".