Gure Esku Dago herri ekimenaren aurkezpena asteazkenean

Noaua Aldizkaria 2013ko aza. 4a, 00:00

Aurkezpen ekitaldia, arratsaldeko 19:00etan egingo da Potxoenean. Erabakitze eskubidearen alde lan egingo duen dinamika herritarra izango da, Gure Esku Dago. Euskal Herria erabakitzeko eskubidea duen nazio bat dela, eta “etorkizuna herri honetako herritarron esku” dagoela aldarrikatuko dute. Horretarako, herritarrak datorren asteko aurkezpen ekitaldi honetara gerturatzea nahi dute, eta hortik aurrera atxikimendu pertsonalak biltzen joatea. Baita “gehiengo sozial, sindikal, politiko eta erakundeenak” ere. “Begirunezko jokaera barne hartzailearekin eta era positiboan lan egingo dugu. Aniztasuna eta askotarikotasuna izango dira beraz lanerako printzipioak, ezberdinen arteko gogokidetasuna bilatu eta, ekintza bateratu eta eraginkorren garapenerako jokaleku egoki eta erosoa sustatuz”, adierazi dute bilgunetik.

Giza kate erraldoia
Hitzordu bat ere finkatua du jada Gure Esku Dago ekimenak; datorren urteko, 2014ko ekainaren 8an, Durango eta Iruñea erabakitze eskubidearen aldeko giza-kate erraldoi batekin lotu nahi dute, eskuz esku. Informazio gehiago: gureeskudago.net/eu/. Bertan, besteak beste, giza-kate horretako metroa erosi daiteke jada. Pertsonako 5,80 euro ordainduta, metroa erosi eta antolaketa gastuak ordaintzen lagundu ahal izango da. Trukean, datorren udaberrian, hainbat produktu jaso ahalko dira, giza-katea ikusgarriago egiteko. Eskualde bakoitzari giza-kate erraldoi horretako zati bat esleitu diote antolatzaileek. Sakana, Donostialdeari.