Eginklik! taldeak, telefono zenbakia eta e-posta helbidea eskura

Noaua Aldizkaria 2013ko aza. 6a, 00:00

Ordenagailuak eta osagarriak berrerabiltzeko moduan konpondu eta doan banatu asmo dituen Eginklik! izeneko lan talde berria osatu da Usurbilen. Aurreko astekarian elkarrizketatu genuen taldea. Baina haiekin harremanetan jartzeko telefono zenbakian akats bat zegoen. Hauxe da telefono zenbaki zuzena: 649 211 665 (Mikel). Barka eragozpenak. Honez gain, posta elektronikoko helbide hau ere ireki dute: eginklik@gmail.com

LAN TALDE BERRIA
Gauzak erosi, erabili eta botatzen ibili ordez, dagoena konpondu eta berrerabili daitekeenaren kasu praktiko bat segidan. Lan talde berri bat sortu da Usurbilen, Eginklik! izenekoa. Euren eginkizuna, zaharkituak geratu diren ordenagailu ekipoak bildu, konpondu eta behar duenari ematea da. Eta guztia doan. Gogotsu hasi dute abentura berria, informatika kontuetan zaletuak diren Mikel Zubigarai, Lukas Arrospide eta Iñaki Unanue herritarrek.. Baina laguntza eskertuko lukete; laguntza, ekipoak jasotzeko batez ere. Eurekin harremanetan jarri edo lan taldera batzeko, telefono zenbaki honetara deitu daiteke arratsaldez: 649 211 665 (Mikel). Edo idatzi helbide honetara: eginklik@gmail.com.


Lan taldea sortu berri duzue?
Mikel Zubigarai. 
Duela bi aste hasi ginen hizketan honi buruz. Ekipo piloa botatzen dela ikusi dugu, teorikoki txarrak direnak, baina ez dira txarrak, zaharrak dira. Eta zaharrak berrerabil daitezke. Lagun batekin hizketan jakin genuen Bizkaian bazela talde bat, hamar bat urte daramatela halako lanetan. Euren web orrialdean sartu ginen eta oso ideia polita iruditu zitzaigun. Gure asmoa herri mailan lan egitea da; ordenagailu zaharrak konpondu, eta jendeari muxu truk eskaintzea gero, berrerabil ditzaten. Egongo dira sekula ordenagailu bat izan ez duten pertsonak, eta haientzat adibidez, informatika munduan hasteko aukera on bat izan liteke. Edo haur batentzat, gurasoek ez dute diru askorik gastatu nahi ordenagailu berri bat erosten. Modu honetan ordenagailu erabilgarri bat izango dute. Etxean ibiltzeko nahikoa eta soberan. Hirurok gustuko dugu informatika kontuetan aritzea eta animatuta gaude. Ia zer moduz ateratzen den.

Lukas Arrospide: Jendearen harrera momentuz ona izan da laguntzerako garaian. Baina ez dakigu zenbat ekipo etorriko zaizkigun, zenbat eskaera izango ditugun.

Ordenagailu zaharrak jasotzen dituzue. Herritarrek nola helarazi ditzakete zuengana? 
M.Z.: 
Gure telefono mugikorreko zenbakira deituta arratsaldez. Bestela, arratsaldero egoten gara frontoian. Halere luzera begira, ia ekipoak jasotzeko laguntza izaten dugun, oso ordutegi murritza baitugu. Horregatik deialdia egin nahi diegu herritarrei, nahi duenak gure lan taldean apuntatu dadila, ekipoak jasotzen laguntzeko. Gero guri deitu diezagutela eta guk jasoko ditugu, beste momentu batean. Orain, herriko beste talde batekin lokal bat partekatzen ari gara. Baina oso toki txikia da. Ekimenak aurrera egiten badu, beste toki batera pasatzeko aukera egon daiteke.

Ordenagailu ekipo osoak ez badira, piezak edo osagarriak ere probetxuzkoak izan litezke zuentzat?
L.A.:
 Ordenagailuak, kableak, monitoreak, teklatua, sagua… Ganbaran inork teklatu pare bat baditu, guk erabiliko ditugu. Ekipoa bera ezin da konpondu agian, baina piezak ere har ditzakegu. Guk ekipoa hartu, ireki eta ahal dugun guztia aprobetxatuko dugu. Gero jada enkargatuko gara balio ez duena eramateko. Inork ez dezala pentsatu, ekipoak ez duela ezertarako balio, egongo baitira guretzat beste nonbait aurkitzea zailak izango diren osagai batzuk. Konponketak eta muntaketa lanak egingo ditugu. Baina ez gara etxeetara matxurak konpontzera joango, beste jende bati lana kentzea litzateke eta. Ez dugu halakorik nahi. 
M.Z.: Ekipoak aztertuko ditugu; agian hirutik bat aterako dugu edo agian ez dago aprobetxatzerik. Ikusiko dugu nola dauden, baina hori bai, konpontzen ditugunak, ondo funtzionatzen eta erabilgarri izaten aterako dira. San Marko Mankomunitatearekin hitz egin behar dugu, Atalluko Garbigunera joan eta begiratzeko zer dagoen. Ia zer iruditzen zaien. Hori izango da, piezak lortzeko beste modu bat. Jendeak lasai ekar dezala duena. Duela 25 urteko ordenagailu batek 20 urte piztu gabe badarama, agian ez du funtzionatuko. Baina 15 urtetik beherakoek, ziur baietz. 

Konplexua da ordenagailu zahar bat berriro martxan jartzeko konponketa prozesua?
M.Z.: 
Aberiatuta badago, pieza berdinak lortu behar dira eta zaila da. Piezak aurkitzea da zailena. Ekipoa zaharkitua geratu bada, eta etxean gordeta badago, hori martxan jarri liteke. Lehen ibiltzen zena baino arinago jarri liteke martxan berriz, Linux instalatzen baitugu. Sistema oso arina da, ekipo zaharretan oso ondo ibiltzen da. Eta dena dakar.
L.A.: Gure ideia da azkenean, dena programak libreak izatea. Gerora agian informatika klaseak eman daitezke, ikusiko da nola antolatu gaitezkeen. Ez dadila inor gelditu ez jakiteagatik, ordenagailua berrerabili ezinik.

Konponketa lanak amaituta, ordenagailuak doan banatuko dituzue. Nola?
M.Z.: Horretan ere jendea inplikatzea pentsatzen ari gara. Hitz egin dugu ikastolako guraso elkartearekin. Ondo iruditu zaie ideia eta orain beraien artean ari dira hizketan ia parte har dezaketen edo ez. Udaleko Gizarte Zerbitzuekin ere hitz egin behar dugu ia beraiek badakiten nola bideratu entrega hori. Beste erremediorik ez bada, guk entregatuko ditugu, ordenagailurik ez dutenei, erosi ezin dutenei…

Teknologia berriak azkar aldatzen doaz, tramankuluak erraz erosi eta botatzen dira. Kontzientzia aldaketa ere eskatzen du honek, erosi eta botatzetik, erabili berrerabiltzera ohitzea?
M.Z.: Usurbil bezalako herri batean oso kontzientziatuak gaude birziklapenarekin. Baina kasu honetan birziklatzera bota baino lehen berrerabili daiteke. Beste pausu bat ekologiaren alde.

L.A.: Informatikan hasteko, ez da ordenagailu oso indartsu edo handia behar. Gerora nahi badute zerbait handiagoa, edo txiki geratu zaiela, aldatu dezakete. Ordenagailu bat erosten asko gastatu nahi ez duenak, berak ere agian informatika munduan sartzeko, edo seme-alabak hasteko era polit eta merkea da hau, krisi garai honetan.