Datorren asteartean beraz, arratsaldeko 19:00etan Potxoenean. Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta eratzeko, uztailean abiatu zen prozesuaren baitan deitzen den laugarren saioa izango da. Datorren astearteko bilera, iragan urriaren 5ean EHUko Ibaetako kanpusean ospatu zen Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren III. Asanbladaren ostean dator.
Hainbat eragile sindikal eta sozialetako ordezkariek parte hartu zuten eta eurek, eztabaida prozesua abiatuko duen Kartaren lehen zirriborroa onartu zuten. Zirriborro honek Kartaren printzipio, eskubide eta aldarrikapenen lehen zerrenda jasotzen du. Zirriborro honen eztabaida eskualde eta udalerrietara zabalduko da orain. Herritarren ahalik eta parte hartze zabalena izatea eskatzen dute.
Kartaren hitzaurre eta printzipioak, abendurako finkatuta
Datozen eztabaida saioak bideratuko dituzten dinamizatzaileekin metodologiari buruzko mintegiak burutu dira Hego Euskal Herriko hiriburuetan. Hamarnaka izan dira parte hartzaileak, eragile ugari eta anitzetakoak, eta trebakuntza espezifikoa jaso dute eztabaidak girotu eta dinamizatzeari begira. Bertaratutakoek oso positiboki baloratu dituzte landutako dinamikak eta ezagututako teknikak.
Herri eta eskualdeetan ekarpenak jaso ostean, hauek baloratu eta eztabaida prozesuan aurrerapauso bat gehiago emango dute; batetik, gutunaren lehen bi atalak itxita utzi nahi dituzte; hitzaurrea eta printzipioak. Beste atalen itxiera, eskubide, aldarrikapen eta tresnei dagozkien atalak, herri eta eskualdeetako eztabaidaren bilakaeraren araberakoa izango da.
Informazio gehiago: www.eskubidesozialenkarta.com