Dolua txirrindularitzan eta eskubaloian, Joxe Ramon Unanueren heriotzagatik

Noaua Aldizkaria 2013ko aza. 7a, 00:00

Dolu egunak hauek Usurbilgo txirrindularitza eta eskubaloiarentzat. Bi kirol jarduerok urte luzez sustatzen aritu den Joxe Ramon Unanue Matxain hil baita, 60 urte zituela. Belaunaldi desberdinetako herriko hainbat eta hainbat gazte prestatu ditu Unanuek hamarkada luzez. Berak sortu zuen duela hiru hamarkada, Usurbilgo lehen Txirrindularitza Eskola. Izen handiko kirolariak prestatzen aritu da Unanue; Zubeldia anaiak, Haimar eta Joseba edota Xabier Carbayeda besteak beste. Txirrindularitzan soilik ez, eskubaloian ere prestatzaile lanetan aritu da denbora luzez.

Usurbil Kirol Elkarteak bete berri dituen 50 urteen harira, dakizuenez bost hamarkada hauetako ibilbidea laburtzen duen liburua argitaratu berri da. J.J. Furundarenaren idazlaneko pasarteen artean, 1980-81 denboraldian, elkartearen garai oparoan, Joxe Ramon Unanueren etorrera kontatzen du. "80-81 denboraldi arte itxaron beharko genuen, ordea, Gipuzkoako Lehen Mailako Txapelketa irabazteko. Era horretara, 2. Nazionalera igotzea lortu zuen Usurbil Kirol Elkartea: gizonezkoen mailan inoiz lortu den balentriarik handiena izan da (gero errepikatu egin zen). Joxe Mari Furundarena izan zen entrenatzaile, eta hark Ramon Unanue ekarri zuen prestatzaile fisiko. Unanuek lan bikaina egin zuen, eta taldeari izugarrizko sendotasun fisikoa eman zion, abiaduraz gain. Aisa irabazi zuten liga, garbi jokatuz gainera, Kiroltasunaren Saria ere berentzat izan baitzen. Txapelketa irabazteak igoera fasea jokatzea zekarren: horixe zuen sari nagusi".

"Eskola hau ere indartsua izatea gustatuko litzaidake"
Azken urteok, Lasarte-Oria eta Usurbilgo txirrindulariekin batera osatu den Buruntzazpi Txirrindularitza Eskolan buru-belarri sartua zegoen Unanue. Larunbat honetan, azaroaren 9an hastekoa zuten hain zuzen eskolen denboraldi berria, Lasarteko Atsobakar parkean. Ohikoa zen duela ez askora arte, Oiardo Kiroldegiko behe aldean Buruntzazpik duen egoitza atarian ikustea. Eskolakoek 2012ko denboraldia hasi berritan elkarrizketatu genuen azkenekoz. 

Hamarkada batzuk lehenago Usurbilek izan zuen Txirrindularitza Eskola berriz martxan ikusi nahi zuen. "Orain dagoen taldea fruitu berri bat da. Hazia hasi ginen botatzen duela urte pare bat, eta bidean goaz. Gazte taldeak osatzen hasi gara, guraso batzuk kolaboratzen, babesleak ere laguntzen. Osatzen ari gara lan bat egiteko eta ia lehen bezala, herri mailan fruitua ikusten dugun", zioen Unanuek, 2012ko martxoaren 7ko NOAUA!rako eskaini zuen elkarrizketan. 

Buruntzazpi zer nolako taldea izatea gustatuko litzaiokeen galdetuta, hauxe zioen: "Gipuzkoa mailan eta garai batean hitz egiten zen bezala, Usurbilgo txirrindularien eskola oso indartsua zen. Ez Gipuzkoan bakarrik, baita Euskal Herrian eta estatu mailan ere. Eskola bezala, hau ere gustatuko litzaidake indartsua izatea. Olinpiada eta mundialetara joateko mutilak iritsi dira, profesional mailan. Bide horretan lan egitea gustatuko litzaidake, iristen bada ondo. Eta ez bada etortzen, lan egin dugu eta denak gustura", zioen Unanuek.

Talde kideei txirrindularitzaz gozatzeko mezua helarazi nahi izan zien elkarrizketa berean: "Ikasi eta goza dezatela. Eta egunen batean, orain ikasten dutenekin zeharkaldiren bat egitera joaten badira, izan daitezela gai, bizikletan doazela kopela altxa eta bazterrak begiratzeko. Ikusteko gauza zoragarriak daude eta". 

Hileta elizkizunak ostiralean, Orion
Unanueren omenez ostegun honetan argitaratu diren eskeletako bat hain zuzen Buruntzazpi Txirrindularitza Eskolarena da. "Egin duzun guztiagatik, mila esker. Gogoan izango zaitugu", idatzi diote zendu berri den usurbildarrari.

Joxe Ramon Unanueren aldeko hileta elizkizunak, ostiral honetan, azaroaren 8an izango dira, iluntzeko 19:30etatik aurrera, Orioko Bariko San Nikolas parroki elizan. Bertan bizi baitzen. Gorputza beila Errekaldeko Vascongadaren tanatorioan egongo da, bihar goizeko 9:00ak arte.