Bake Epaitegiak eskaintzen duen zerbitzuan euskara bermatu gabe egotea, ez da gaurko kontua. Aspalditik datorrena baizik, herritarrek nabarituko zuten moduan. Usurbilgo Udalak hainbat kexu aurkeztu izan ditu urte luzez, han eta hemen. Hainbat eskaera, usurbildarren oinarrizko eskubide dena onartua eta bermatua izan zedin galdegiten. Honatx adibideak, Udalak berak berri eman duenez:
2002/11/22: Usurbilgo eta Orioko udaletako alkateek, gutuna bidali zioten Eusko Jaurlaritzako Justizia sailburuordeari, bi udalerriotako Bake Epaitegietako funtzionarioak, eta izendaturiko Ofizial Idazkaria euskaldunak izan zitezen eskatuz.
2009/1/9: Udalaren gutuna Justizia Harremanetako zuzendariari, Bake Epaitegiko zerbitzua euskaraz eman zedin neurriak eskatuz.
2009/1/16: Justizia Sailaren erantzuna: "Gaur egun Sail honek ezin ditu funtzionaldi lehentasunezkoak diren lanpostuak bete, eta ezin die lanpostu horiei HE esleitu. Modu horretan lanpostu horietan hizkuntza eskakizun egokia duten langileak jarri ahal izango genituzke. Espero dugu horrenbeste gabezia dituen egoera hau epe motzean konpontzea".
2009/2/27: Elebideren adierazpena: Justizia Sailak bere gain hartu eta bideratu behar du arazoa. Konponbidean da arazoa, Elebideren esanetan.
2009/4/22: Udalaren erantzuna Elebideri: "Gure herritarrek administrazioarekin euskaraz jarduteko duten eskubidea aintzakotzat hartuta, eskatzen dizut zerbitzu hori euskaraz eman dadin dagozkion neurriak har ditzazula”.
2009/5/20: Elebideren erantzuna Udalari: "Aitzitik, tamalez berretsi behar dugu Elebideren jarrera, une honetan dugun egoerak neurri eraginkorragoak hartzea eragozten baitu… Baina Justizia Administrazioko egoera hobetzeko saiakera horren aurrean, Estatuko Administrazioak errekurtsoa aurkeztu du, ahalegin guztiak geldiaraziz, eta ez da posible une honetan aipatutako dekretuan aurreikusitako neurriak hartzea”.