Bake epaitegian, euskarazko zerbitzua bermatzea eskatu du Udalak

Noaua Aldizkaria 2013ko aza. 7a, 00:00

Euskaldunoi hizkuntz eskubideak urratzen segitzen dute eguneroko bizimoduan, zenbaezinak diren hainbat eta hainbat egoeretan. Azken adibidea, Bake Epaitegian dugu. Bertako idazkari titularrak erretiroa hartu du eta haren ordez, langile berri bat hasi da lanean. Lanean hasi den langileak ordea, ez daki euskaraz. Eta honenbestez, Bake Epaitegira doan herritarrari ezingo zaio euskaraz zuzendu. Beste modu batean, usurbildarrek bertako zerbitzua euskaraz jasotzea ez dute bermatua. Horrelakoak, Usurbil bezalako udalerri euskaldun batean gertatzea posible da egun, eta hala izaten jarrai dezake, legediak ere ez baitu inolako bermerik eskaintzen. Indarrean den araudiaren arabera, Bake Epaitegiko idazkari lanpostu horretan lanean jardungo duenak ez du zertan euskara jakin behar, 2015eko urtarrilera arte. 

Egoera beraz argia da. Usurbildarren hizkuntz eskubideak urratuak dira beste behin; administrazioarekin euskaraz jarduteko duten eskubidea hain zuzen. Bai usurbildarrena, baina baita oriotarrena ere. Bi udalerriok Bake Epaitegietarako Idazkaritza bakarra osatzen baitute, "1992ko Justizia Ministerioaren agindu baten arabera".

Euskarazko zerbitzua bermatzeko exijentzia udaletatik
Egoera honen berri jasoa du Usurbilgo Udalak eta erantzun du baita. Mertxe Aizpurua alkateak, Orioko Udaleko alkate Beñat Solaberrietak eta Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko (UEMA) lehendakari Maren Belastegik, gutun bana helarazi diete, Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailburuordetzari, Arartekoari, Hizkuntza Eskubideen Behatokiari eta Elebideri. Eskabide argi bat egiten diote erakunde guztioi; "Gure herritarrek justizia administrazioarekin euskaraz jarduteko duten eskubidea aintzakotzat hartuta, Usurbilgo eta Orioko Bake Epaitegietan oinarrizko eskubide hori berma dadin behar besteko neurriak jartzea". 

Eskabide hau betetzea exijitzen dute bai Usurbil eta Orioko Udalek, baita UEMAk ere. Bi udalerriotako biztanleriaren hiru laurdenetik gora euskaldunak direla gogorarazten dute, eta gutunak jasotzen duenez, "udalok sarri aldarrikatu dugu euskaraz naturaltasunez bizitzeko nahia". 

Legediak dioena ere nabarmentzen dute, zehazkiago esanda, 10/1982 Euskararen Oinarrizko Legeak euskal herritarrei aitortzen dien eskubidea: "Arduralaritzarekin eta Autonomia Elkartean kokatutako edozein ihardutze Sail edo Erakunderekin harremanak hitzez eta/edo idatziz euskaraz edo gaztelaniaz izateko eskubidea" hain zuzen. Eta urte luzez, gai honekiko azaldu duten kezka ere jasotzen duen dokumentazioa erantsi diote gutunari. Ez baita kontu berria. Hizkuntz eskubideen urraketak atzetik datoz.