Antzezlan batekin hasi eta ibilaldiarekin amaituko da, Kulturaldiko lehen asteburua

Noaua Aldizkaria 2013ko aza. 8a, 00:00

NOAUA!k beste zenbait eragilerekin batera antolatu duen Kulturaldia gaur 20:00etan estreinatuko da, Sutegiko auditorioan eskainiko den antzezlan batekin; "Aktibo Toxikoa" izeneko saioarekin hain zuzen. Patxi Santamaria aktore ezagunak krisiaren inguruan jardungo du kultur etxeko eskenatokian. Ekitaldia, Antzerki Ekintza eta Euskal Herriko Antzerkizale Elkartearekin (EHAZE) antolatu du NOAUA!k. Aldez aurreko sarreren salmenta (bai Txiribogan, bai NOAUA!ko egoitzan) gaur eguerdira arte luzatuko da. Erosketa egin ez duzuenok lasai. Gero, ekitaldia hasi aurretik Sutegi sarreran ere txartel gehiago eskuratu ahal izango dira eta.

Isildutako egiak aitortzera
Horretara datoz larunbatean Sutegira, Unai Muñoa eta Ander Lizarralde bertsolariak, Aitor Atxega eta Imanol Kamio musikariekin. Entzulearen aurrean biluztu asmo dituzte euren emozioak, 20:00etatik aurrera kultur etxeko auditorioan. Sarreradun ekitaldia da, beraz adi txartelen salmentari.

Paseo interesgarria igandean
Eta igandean, etxetik mugitu gabe, gertuko, bertako ondarea hobeto ezagutzeko aukera duzue. 9:30etan abiatuko gara frontoitik, eta Aginagaraino hainbat txoko ederretatik igaroko gara, azalpen interesgarriak eskainiko dizkiguten bi bide lagun ditugula; Jakoba Errekondo paisajista eta Itziar Illarramendi Udarregi Ikastolako irakaslea. 

Antzerkia, bertso musikatuak eta ibilaldia, denetariko proposamenak beraz, Kulturaldiko lehen astebururako:

AZAROAK 8, OSTIRALA: "AKTIBO TOXIKOA" ANTZEZLANA
Ordua: 20:00.
Tokia: Sutegiko auditorioa.

Edukia: hor dator “Bat”, Bat Jauregi politikaria izandakoa da. Erretiroa hartutako gizasemea. Krisiak bete betean harrapatu du eta ekintza bat egitera dator. Bankuak etxetik bota du eta kale gorrian utzi du. Baina ez dago geldirik egoteko prest. Ez du nahiko kanpaldi, kontzentrazio edo “indignados” talde bat osatzea. Berak beste zerbait antolatu du. Eta horretarako konbokatuko gaitu, zuen herriko kale edo plaza batean, bere ekitaldian parte hartzeko. Oraingo honetan krisi inguruko ikuskizuna aurkezten dizuegu. Zoritxarrez gaia eguneroko saltsa dugu eta gu piper pixka bat jartzeko asmotan gatoz. Bakarrizketa komikoa, non dantza mimoa edo klowna uztartzen diren, ikusleak barrearen bidez bizi dugun egoeraz hausnarketa egin dezan. 

Aktorea: Patxi Santamaria.
Sarrerak: 5 eurotan egunean bertan, eta aurrez Txiriboga tabernan eta NOAUA!ko egoitzan. NOAUA!ko bazkideek 3 eurotan, NOAUA!ko egoitzan eta aldez aurretik. 
Antolatzaileak: Antzerki Ekintza, NOAUA! eta EHAZE.
Laguntzailea: Usurbilgo Udala.


AZAROAK 9, LARUNBATA: "EZ GARA PALESTINAZ ARI" BERTSO-MUSIKATUEN SAIOA
Ordua: 20:00.
Tokia: Sutegiko auditorioa.
Partaideak: Unai Muñoa eta Ander Lizarralde bertsolariak. Aitor Atxega eta Imanol Kamio musikariak.

Edukia: ekarpen bat egin nahi diogu plazari bertsoak, pianoak, akordeoiak eta gitarrak lagunduta. Gu bezala sentitu daitekeenaren ispilu izan nahi dugu. Hain ohituak gauden isildutako egiak aitortzeko ahalegina egitera gatoz, gezurrik gabe. Abilak gara munduaren gaineko irakurketa politiko eta sozialak egiten, bai eta bizilagunak epaitzen ere, baina, erreparatzen al diogu geure barne munduari? Partekatzen al ditugu gure benetako izuak, konplexuak, minak, desioak…? Ez gara kantariak baina kantatu egiten dugu, ez gara aktoreak baina antzeztu egiten dugu, ez gara gidoilariak baina gidoi bat prestatu dugu… Azken batean, garena erakutsi nahi dugu, entzulearen aurrean biluztuko gara: beldurretik ausardiara, burutik emoziora, gizonkeritik gizonera, ridikulotik umorera… Ekarpen bat egin nahi diogu plazari bertsoak, Pianoak, akordeoiak eta gitarrak lagunduta. Gu bezala sentitu daitekeenaren ispilu izan nahi dugu. Hain ohituak gauden isildutako egiak aitortzeko ahalegina egitera gatoz, gezurrik gabe.

Sarrerak: 8 euro egunean bertan edo aurrez, Txiriboga tabernan eta NOAUA! Kultur Elkartean. NOAUA!ko bazkideek 6 eurotan, aurrez eta egoitzan bertan.

Antolatzailea: NOAUA! Kultur Elkartea.


AZAROAK 10, IGANDEA: HERRIKO ONDAREA EZAGUTZEKO IBILALDIA
Ordua: 9:30-13:00.
Ibilbidea: Kaxkotik abiatuta, Urdaiagara, Txokoaldera eta Aginagan amaitu.

Edukia: herria beste begirada batez ezagutzeko aukera, ditugun txokoak balorean jarri eta herri ondareaz apur bat gehiago jakiteko aukera ederra izango da azaroaren 10erako antolatu dugun txangoan. Kaxkoan hasiko dugu goizetik eguerdi partera arte luzatuko den txangoa; Urdaiaga aldera lehenik, Txokoaldera gero, Aginagan amaitzeko. Herritar orori zuzenduriko paseoa, zailtasun gabea, Jakoba Errekondo paisajistaren argibideak bide lagun ditugula.

Oharra: ibilbide amaieran, itzulera autobusez, oinez edo autoz egin ahal izango da.
Antolatzailea: NOAUA! Kultur Elkartea.