Igandeko Behobia-Donostiari begira hainbat usurbildar

Noaua Aldizkaria 2013ko aza. 8a, 00:00

28.342 lasterkari daude izena emanda igandeko Behobia-Donostia proban. Tartean, nola ez, usurbildar bat baino gehiago. Parte hartzekotan direnek, guztia prest behar dute honez gero. Antolatzaileek hainbat berrikuntza iragarri dituzte 49. edizio honetarako. Lasterketa ordu berria estreinatuko dute: 10:00etan abiatuko dira lasterkariak Behobiatik Donostiarantz. Gurpildun aulkiko partaideak 9:30etan abiatuko dira, eta patinatzaileak hamar minutu beranduago, 9:40an.

Hitzordu hau dela eta, Euskotrenek tren zerbitzu bereziak eskainiko ditu igande goizean, Lasarte-Hendaia artean. Eguraldiari dagokionez, larunbatean 100 kilometro orduko haize boladak espero direla eta alerta horian egon ostean, haizeteak baretzea espero da igande goizeko lehen orduan. Halere, giro goibela espero da. "Igandean haizeak indarra galduko du. Goizean goiz haize-bolada gogorrak neurtu daitezke, baina goizean bertan asko baretuko da. Hala ere, ipar-mendebaldeko haizea ibiliko da, eta, beste egun batez ere lainoek zerua estaliko dute ipar partean, non euria egingo duen noizbehinka. Gaueko tenperatura aurreko egunekoa baino altuagoa izango da, egunekoa berriz, balio oso antzekoetan geldituko da", dio Euskalmet-en iragarpenak.

Behobia-Donostiari buruzko informazio osoa: http://www.behobia-sansebastian.com/