Kontzertu gaua antolatu du Usurbilgo Gaztetxeak, larunbaterako, azaroaren 9rako, 00:00etatik aurrera. Oreindik eta Sexty Sexers taldeen emanaldiak hain zuzen. "Sexty Sexers 2 urte lozorroan egon ondoren gogotsu itzuli dira eta beraien birako geldiuneetako bat izango da kooperatiba zaharra. Hard rock indartsua lantzen dute beratar boskote honek. Oreindik taldeak lagunduko die oholtza gainean funkya oinarri duten musikarekin. Gaua luzea izango da kontzertuaren ondoren Dj lanetan Elvis Caino arituko baita rock abesti klasikoak pintxatzen. ANIMATUAI!!!!!!!! LET´S GO ROCK!!!", luzatu dute gonbita antolatzaileek, web orrialde honetara bidali berri duten mezu bidez.
EÑAUT ELORRIETA ETA MIKEL MARKEZ, ASTEARTEAN SUTEGIN
Hitzaldi-kontzertua eskainiko dute azaroaren 12an, iluntzeko 19:00etatik aurrera Sutegiko auditorioan. "Iragana, oraina eta etorkizuna kontuan hartuta euskaraz sortutako eta abestutako musikaren historia"ri errepasoa emango diote "Baga, Biga, Higa" izeneko hitzaldi-kontzertu formatu honen bidez. 60. hamarkadatik hasi eta gaur egunera artekoa. Gogorarazten dutenez, "aurrera egiteko, atzera ere begiratu behar da" eta. Euskarazko musika transmisioa eta sustapena ditu helburu, elkarlanean gauzatzen ari diren Elorrietaren eta Markezen egitasmo honek. Usurbilgo Kantu Taldeak antolatu eta Usurbilgo Udalak babestu duen ekitaldirako sarrerak 5 eurotan salduko dituzte, 2 eurotan ikasle eta langabetuentzat. Aurrez, Sutegi udal liburutegian eskura daitezke.