Auzolanean konpostatzen ikasteko formazio saioa larunbatean

Noaua Aldizkaria 2013ko azaroaren 8a

Etxean sortzen duten organikoa auzolanean konpostatu asmo duten Kaxkoko hainbat bizilagunei zuzendua egongo da, larunbat honetako, azaroaren 9ko saioa. 12:00etan burutuko da, hilerri zaharreko konpostagunean. Deialdia, interesa duten bizilagun hauei dago zuzendua; Kale Nagusia 34,36,38 eta 40; San Inazio 5,7,9 eta 11; eta Alperroburu 1 eta 3 zenbakietan bizi direnei. Gehienez ordu erdi edo hiru ordu laurden luzatuko da saioa. Usurbil Zero Zaborretik berri eman dutenez, “hilerri zaharraren ondoko zuhaizpean dagoen auzo-konpostagunean, bada lekua familia gehiagok euren hondakin organikoak konpostatzeko. Inskribatzen direnen hurrenkera errespetatuko da gelditzen diren plaza guztiak osatu arte”. Gogoan izan, organikoa konpostatzen duten herritarrei, %40ko hobaria aplikatuko zaie. Argibide edo informazio gehiago jasotzeko, deitu 650 374 936 telefono zenbakira edo idatzi email bat usurbilzerozabor@gmail.com helbidera.