Usurbilek gordetzen dituen altxorrak ezagutzeko aukera ederra egon da gaurko ibilaldian

Noaua Aldizkaria 2013ko aza. 10a, 00:00

Gertuan, udalerritik atera gabe, zenbat dugun oraindik ikusteko eta ikasteko. NOAUA!k gaurko antolatua zuen herri ondarea ezagutzeko ibilaldian ikasgai bat baino gehiago jaso ditugu. Eguraldi kaxkarra emana zuten igande honetarako, eta iragarpenak bete dira. Halere irteerarako taldetxoa osatu da. Euritako eta guzti, frontoitik abiatu da ibilaldia goizeko 9:30ak pasatxoan. Kaxkoa, Santuenea, Urdaiaga, Txokoalde eta Aginaga lotu dituen paseoan, Jakoba Errekondo paisajistaren eta Itziar Illarramendi Udarregi Ikastolako irakaslearen hainbat argibide jaso ahal izan dira. Argibide interesgarriak, baita bitxikeria ugariren berri ere.

Zenbat istorio gordetzen dituzten herriko hainbat txokok. Erriberako buelta egitean, betiko lekuetatik pasa ohi gara. Hara eta hona, inguratzen gaituzten zuhaizti, baserri, lur sail eta bestelakoak ikusten ditugu. Gaurko paseoak ordea, beste betaurreko batzuk jarri eta haiekin ingurua begiratzea eskatzen zuen. Eta hala eginda, betiko zuhaizti, eraikin eta lur sailek bestelakoak ziruditen igande honetako ibilaldian. Herriko historiari, herri ondareari errepaso ederra eman zaio. Eskertzekoa, Jakoba Errekondok eta Itziar Illarramendik eginiko lana.

Eta hori guztia, gertuan ibilita, udalerritik atera gabe. Berriz ere tankera honetako irteera batez gozatzeko aukera izango da laster, Andatza Mendizaleen Kirol Taldeak azaroa amaierarako antolatu duen Mendi Astearen baitan. Udalerriko mugarrietatik barrena osteratxoa egiteko aukera izango da. Hor ere ziur, ezkutuko bideak ezaugutu edota inguratzen gaituzten paisaiak beste begi batzuekin aztertu eta txoko berriak deskubritu ahal izango direla.

Ostegunetik aurrera, gehiago
"Aktibo toxikoa" antzezlanarekin estreinatu da aurtengo Kulturaldia. Atzo, "Ez gara Palestinaz ari" bertso musikatuen saioaz gozatu ahal izan zen. Gaur herri ondarea ezagutzeko ibilaldia egin da. Asteburua pasata, Kulturaldia ostegunean itzuliko da, beste hiru hitzordurekin. Joseba Tapia eta Jose Luis Zumeta protagonista izango dituzten ekitaldiekin hain zuzen. Eta amaitzeko, "Agur esatea" baino ez zaigu geratuko. Izenburu horixe daraman filma proiektatuko dugu Sutegin, azaroaren 17an. 

Adi beraz, Kulturaldiak datorren astean jarraituko baitu:

AZAROAK 14, OSTEGUNA: JOSEBA TAPIAREN "BELARRIAK SOINU" HITZALDIA
Ordua: 19:30.
Tokia: Potxoenea.

Edukia: irakaskuntza oinarri hartuta “ganbaratik akademiara” proposamen praktikoa. Musika irakaskuntzaren inguruan azken urteetan egindako hausnarketak biltzen ditu jendaurreko saio praktiko honek. Belarriaren garrantzia azpimarratzeko eta azalpenak hornitzeko hainbat instrumentu baliatzen ditu (aho-soinua, ukelelea, baxua edo soinu txikia). Herri musikak (trikitixa, folka, rocka…) ganbaratik akademiara, entsegu lokaletik musika eskolara egin duen bideak kezka sortzen dio Joseba Tapiari, musika klasikoa irakasteko pedagogia bera ezartzen ari delakoan herri musikaren esparruan. 

Sarrera: doan.
Antolatzailea: NOAUA! Kultur Elkartea.


AZAROAK 15, OSTIRALA: ZUMETAREN SORMEN LANARI BURUZKO PROIEKZIOA
Izenburua: "Izenik gabe, 200X133".
Ordua: 19:30.
Tokia: Sutegiko auditorioa.
Zuzendariak: Enara Goikoetxea eta Monika Zumeta.
Gidoia: Miren Juaristi eta Monika Zumeta.
Argazkia: Esteban Ramos.
Iraupena: 82 minutu.

Edukia: Jose Luis Zumeta margolariak desordutan egiten du lan Arribeko (Nafarroa) autobus-garaje zahar batean kokaturiko bere tailerrean. Lan horien sormen-prozesua da dokumental honen muina. Margolariak lehen aldiz erakutsiko du, kamera baten aurrean, bereizgarri duen barru-barruko sormen prozesu bakana. Alde batetik, artistaren alaba Monika Zumeta, eta beste aldetik, Enara Goikoetxea dokumentalgilea dira dokumental honen zuzendariak. Bi zuzendarien arteko lanak eta grabaketa talde murriztu batek, abagune egokia sortu dute, artista grabaketa aparatuez ahaztu dadin eta bere lan metodologia naturaltasun osoz azaldu dezan. "Izenik gabe, 200x133" dokumentalak, Jose Luis Zumeta artista modu zuzen batean ezagutzeko aukera ematen du, beharrezkoak ez diren apaingarriak kenduta "Izenik Gabe 200x133" dokumentalak Donostia Zinemaldiaren 61. edizioan parte hartu du, Zinemira sailean. Usurbilen egingo den aurkezpenean egileen hitzak entzuteko aukera izango dugu.

Sarrera: doan. Gonbidapenak doan eskura daitezke Potxoenean edo NOAUA!n. Plaza mugatuak.
Antolatzaileak: NOAUA! Kultur Elkartea eta Usurbilgo Udala.


AZAROAK 17, IGANDEA: IZASKUN ARANDIAREN "AGUR ESATEA" FILMA
Ordua: 19:00.
Tokia: Sutegiko auditorioa.

Sinopsia: AGUR ESATEA, Gerra Zibilean gertatutako haurtzaroaren eta nortasunaren galerari buruzko istorioa da, baina batez ere, esperantzaz betetako istorio hunkigarria da. Animazio teknika berritzaileak erabiliz, filmak 1937an Erresuma Batura ebakuatu zituzten Euskal Herriko ia 4.000 haurrei buruzko istorioa kontatzen du. Gurasoei agur presaka esatea behartuta, haur hauek Erresuma Batuan hiru hilabetez egongo zirela uste zuten. 75 urteren ostean, batzuk oraindik bertan daude, gurasoengandik eta amalurragatik betirako banatuta. Gatazka itzel eta odoltsuak puskatutako familiak eta suntsitutako haurtzaroak. Gaur egun 80-90 urte bitartean dituzten 14 haurren ahotsen bidez historiaren gertaera tragiko hau kontatuko dugu sakona, eta ustekabekoa den animaziozko dokumental eder honetan. 

Sarrerak: 5 eurotan egunean bertan, eta aurrez Txiriboga tabernan eta NOAUA!ko egoitzan. Bazkideek 3 eurotan, aurrez erosita NOAUA!ko egoitzan.
Antolatzailea: NOAUA! Kultur Elkartea.