Hemen, ikastaroon berri:
DEMENTZIADUNEN PORTAERAZKO TRASTORNOAK BIDERATZEARI BURUZKOA
Usurbilgo Udaleko gizarte zerbitzuek azaroan zehar burutuko diren lau saioko doako ikastaro hau antolatu dute, Lahar Elkargoa eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politika Departamenduaren laguntzarekin. Bihar abiatuko den ikastaroa irekia da, edonork parte har dezake, baina ekimena bereziki, gerontologia arloan lan egiten dutenei eta dementziadun pertsonen senideei dago zuzendua. Saio hauetan, dementzia zer den, motak, eta dementziaren eboluzioa jorratuko dute, Maitane Fernandino neuropsikologoaren gidaritzapean. Saioen egutegia, hemen; azaroak 4, 11, 18 eta 25. Saio hauek, arratsaldez izango dira, 17:00-20:00 artean. Gehienez 20 lagunentzako lekua dago. Izen ematea Gizarte Zerbitzuetan; 943 377 110 telefono zenbakian edo gizartelangilea1@usurbil.net.
HELDUEN ETA NERABEEN ARTEKO GATAZKEN EBAZPENEI BURUZKOA
Hezitzaile, irakasle nahiz gurasoei begira antolatu du doako ikastaro hau, Usurbilgo Udalak. Ainara Lasuen, Sorkari elkarteko psikologoak bideratuko du ikastaroa. "Ikastaro honetan adimen emozionala abiapuntutzat hartuta, heldu eta nerabeen artean sortzen diren gatazkei aurre egiteko hainbat baliabide eta estrategia jorratuko dira. Besteak beste, honako gaiak landuko dira: baliabide pertsonalak, gatazken dinamika, euste psikologikoa, prebentzioa eta gatazkari aurre egiteko ikuspegi barneratzaileak", aurreratu dute antolatzaileek.
Ikastarorako izena aurrez eman behar da, Gizarte Zerbitzuetara deituta, 943 377 110 telefono zenbakira, edo email bat idatzita, gizarte-zerbitzuak@usurbil.net helbidera.
Hiru talde osatu asmo dituzte. Talde bakoitzak azarotik maiatzera bitarte, bost saio izango ditu Potxoenean. Saioen egutegi eta ordutegiak, hemen:
1. TALDEA
Ordutegia: 17:00-19:00.
Egunak: azaroak 12, urtarrilak 7, otsailak 11, martxoak 18 eta apirilak 29.
2. TALDEA
Ordutegia: 17:00-19:00.
Egunak: azaroak 18, urtarrilak 9, otsailak 4, martxoak 13, apirilak 28.
3. TALDEA
Ordutegia: 18:00-20:00.
Egunak: azaroak 26, urtarrilak 16, otsailak 13, martxoak 17, maiatzak 7.
Tokia: Potxoenea.
Antolatzailea: Usurbilgo Udala.
KRISIARI AURRE EGITEKO IKASTAROA
Krisiak gugan duen eraginaz eta egoera horri nola aurre egin, horretaz jardungo du, “Kenkt” izeneko Kristau Euskaldunen Kultur Taldeak antolatu duen ikastaroak. “Bizitzarako tresnak” eskaini asmo ditu datozen asteotarako programatu dituen saioetan. “Mundu krisia, Usurbilen ere nola eragiten duen kontuan hartzen du, eta honi aurre egiteko gizakiok behar ditugun laguntza edo tresnak proposatu nahi ditu”, diote “Kenkt” taldetik. Hausnarketa eta gogoeta bultzatu nahi dute, “gizabanakoaren ardura landuz Bibliaren ikuspegitik, Jesus eredutzat hartuta”. Krisiak eragindako egoera latzak saihesteko beharrezko aldaketak jorratu asmo dituzte ikastaroan, norbere esku dagoen horren ardura hartzeaz edota egoera ez okertzeko zer egin daitekeen aztertuko dute.
Azaroaren 8an hastekoa zen ikastaroa, abenduaren 20ra arte luzatuko da. Saioak, ostiralero izango dira, 9:30-11:30 artean. Besteak beste, gaiok jorratuko dira; ustelkeria, bestelako krisiak (morala…), zer egin krisiaren kontra?, krisi indibiduala ala globala?, eguberritan krisirik ez?… Argibide gehiagorako: kenkateak@gmail.com edo 686 285 579. Ikastaroa euskaraz eta doan eskainiko da.