Hala dira Andatza Mendizaleen Kirol Taldekoak. Igandean Bidarrai-Amaiur, 17 bat kilometroko bidea osatu zuten. Irteeran atera zuten taldeko argazkia duzue ondokoa.
Urteko azken bigarren hilabete hau mugitua izan ohi da Andatza Mendizaleen Kirol Taldekoentzat. Hileroko txangoa egitearekin batera, azaroko azken asterako Mendi Astea antolatzen baitute. Aurtengo edizioa, azaroaren 27tik 30era ospatuko dute.
Mendizaletasunari loturiko hiru ikus-entzunezko lan proiektatuko dituzte; "2010 Marimendiak Andeetan" Uxue Berridiren eskutik, Karakorumeko ibilaldiak Alex Txikonen eskutik eta amaitzeko, usurbildarrak protagonista izango dituen emanaldia programatu dute, hilaren 29rako. Azken txanpara heltzen ari den 2013. urtean zehar, Andatzakoek antolatu dituzten txangoetan ateratako argazki eta grabatutako bideoen proiekzioa ere eskainiko dute. Hiru ekitaldiok, azaroaren 27tik 29ra, 19:30etan hasita Sutegiko auditorioan.
Baina Mendi Asteak gehiagorako ere emango du. Usurbilgo txokoak hobeto ezagutzeko aukera bikaina eskainiko dute Andatzakoek, azaroaren 30ean. Udalerriko mugarrietatik barrena ibilaldia antolatu dute. Eta gero, goiza borobiltzeko bazkaria Patri jatetxean. Izen ematea, bezperatan Sutegin ospatuko diren ekitaldiak hasi aurretik eman ahal izango da. Andatzakoek jarriko duten mahaian. Leku berean berritu ahal izango dira, 2014rako federatu txartelak.
Ekitaldi hauei guztiei buruzko zehaztasunak, web orrialde honetako agendan dituzue. Asteburuko irteerako argazkiak eta Mendi Asteari buruzko informazio osoa baita Andatzakoen web orrialdean ere: www.andatzamendizale.info
Mendi martxa, indarkeria sexistaren aurka
Mendi Astearen bezperatan, Usurbilgo Parekidetasun Kontseiluak antolaturiko ekimen batean laguntzaile lanean jargungo dute Andatzakoek. Indarkeria sexistaren aurkako mendi-martxa antolatu baitu Parekidetasun Kontseiluak Bordatxo mendira, azaroaren 23an. Goizeko 9:00etan abiatuko da frontoitik. Ekimen hau, beste hainbat hitzordurekin batera, Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunaren harira, azaroaren 22tik 25era herrian antolatu den egitarau zabalago baten baitan deitu da.