Zenbat denbora gaurko albistea emateko zain, eta konturatzerako, bat batean heldu da. 2013ko azaroaren 13 hau ez da berehalakoan ahaztuko. Ondoko argazkiari begiratu besterik ez dago. Irudi historikoa duzue. Gipuzkoako hiri hondakinen kudeaketari loturiko urteko albiste nagusia zalantzarik gabe. Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioa, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Zubietako errauste planta eraiki asmo zuten enpresa taldea biltzen duen UTE Gipuzkoa CGR elkarri eskua ematen. Zubietako errauste planta egitasmoa behin betiko bertan behera utziko duen akordioaren argazkia duzue.
Gogoan izan, bi hilabeteko tartea hartua zuten GHK-k eta enpresa eraikitzaileek akordio bat adosteko. Eta gaur hedabideen aurrera agertu dira adostasun batera heldu direla berri ematera, Karmelo Aguas Martinez errauste planta eraiki asmo zuten enpresa taldearen izenean, Iñaki Errazkin Foru Aldundiko ingurumen diputatua eta Ainhoa Intxaurrandieta Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko lehendakaria. Bi aldeek adostu duten akordioaren arabera, Zubietako errauste planta eraikitzeko lanak behin betirako etenda geratu dira. Etenda geratu da bi aldeak lotzen zituen lan kontratua. Enpresa taldeak 8.190.000 euroko kalte ordaina jasoko du guztira, proiektu hau bertan behera utzi izanaren eraginez.
Suziri hotsak eguerdian
Orain bai; akabo betirako erraustegiaren mehatxua. Albistearen berri jakin eta gutxira, lehen suziri hotsak entzun dira Usurbil eta Zubieta aldean. Zer ospatua baden seinale.