Erraustegiaren aurkako ekitaldi sorta antolatu du GHK-k

Noaua Aldizkaria 2013ko aza. 13a, 00:00

Erraustegiaren aurka egoteko dituen arrazoiak azaltzeko jendaurreko ekitaldi sorta antolatu du Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) datozen asteotarako. Azalpen hauek emateko herrialdeko udalerri desberdinak zeharkatuko dituen bira moduko bat prestatu dute; tartean, Usurbilen izango dira GHK-ko ordezkariak, abenduaren 5ean. "Erraustegia: kedarretatik argira" izenburupeko ekimenon estreinako hitzordua halere, lehenago finkatu dute; azaroaren 21erako, iluntzeko 19:00etan Donostiako Kursaalen, kongresu aretoan. 

Jendaurreko ekitaldiok, "Bukatu da Jolasa" izeneko ikus-entzunezko lan bat proiektatuz abiatuko dira. Lehen aldiz, Kursaaleko ekitaldian ikusi ahal izango da. "Primizia bezala aurkeztuko dugun laburmetraia honek ikuspegi kritiko batetik heldu nahi dio erraustegiaren arazoari, proiektuaren atzean egon diren interesei eta Gipuzkoako herrialdeari eragin dion mehatxuari", berri eman dute estreinatu berri duten web orri bidez, GHK-tik.

Abenduaren 5ean, Sutegin
Proiekzioaren ostean, GHK-ko lehendakari Ainhoa Intxaurrandietak hartuko du hitza, eta amaieran, bertaraturikoek galderak egiteko aukera izango dute. Aipatu bezala, erraustegiaren aurkako ekitaldi sorta ireki hau, azaroaren 21ean abiatuko da Donostiako Kursaalen. Udalerri ezberdinetara zabalduko da gero, tartean, abenduaren 5ean Usurbilen. Honatx, ekitaldion egutegia:

-Villabona, azaroaren 26an, Gurea Zineman, 19:30ean.
-Zarautz, azaroaren 27an, Modelo Zineman, 19:00etan.
-Oñati, abenduaren 2an, Santa Ana Antzokian, 19:00etan.
-Errenteria, abenduaren 3an, Udaletxean, 19:00etan.
-Lasarte, abenduaren 4ean, Manuel Lekuona Kultur Etxean, 19:00etan.
-Usurbil, abenduaren 5ean, Sutegi Kultur Etxean, 19:00etan.
-Deba, abenduaren 10ean, Kultur Etxean, 19:00etan.
-Azpeitia, abenduaren 11n, San Agustin Kulturgunean, 19:00etan.
-Beasain, abenduaren 12an, Igartza jauregian, 19:00etan.