"Gipuzkoarron mesederako lan egiteko bion jarrerari esker" lortu da akordioa

Noaua Aldizkaria 2013ko aza. 13a, 00:00

Hala adierazi du Ainhoa Intxaurrandieta Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko lehendakariak, Zubietako errauste plantako lanak behin betiko bertan behera geratuko zirela iragartzeko irakurri duen oharrean. Bi aldeen borondateari esker heldu direla adostasun batera. Intxaurrandietak euskaraz, eta Karmelo Aguas Martinez enpresa taldearen ordezkariak erdaraz irakurri duen oharraren bidez gainera, GHK-k errauste planta proiektua gauzatu asmo zuten enpresei 8.190.000 euroko kalte ordaina emango diela jakinarazi dute, "kontratua amaitzeagatik eta Zubietako erraustegia eraikitzeko proiektua bertan behera uzteagatik".

Hona hemen hedabideen aurrean irakurri duten adierazpena, bere osotasunean:

PRENTSA OHARRA
2013ko urriaren 3an Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioaren zuzendaritzak eta UTE GIPUZKOA CGRko ordezkariek sinatutako akordioaren ondorioz-non bi hilabeteko epea jartzen baitzen akordio batera iritsi eta bi aldeak lotzen zituen kontratua adostasunez amaitzeko-, gaur, 2013ko azaroaren 13a, asteazkena, akordio hau lortu da:

-Amaitzea formalki bi aldeen arteko kontratu harremana, eta ondoriorik gabe uztea Zubietako erraustegia eraikitzeko proiektua.

-Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak UTE GIPUZKOA CGR-ri honako zenbateko hau ordainduko dio: %3 eraiki gabe geratu den zatiaren lortu gabeko irabaziengatik, eta %3 CGRk proiektatutako planten ustiapenaren lehenengo bost urteengatik.

-Eraiki gabe geratu den zatiaren lortu gabeko irabazien ondoriozko ordainketa 6.690.000 euro da; ustiapeneko lehenengo bost urteen ondoriozkoa, berriz, 1.500.000 euro.

-Ondorioz, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak UTE GIPUZKOA CGR-ri ordainduko dion zenbatekoa, kontratua amaitzeagatik eta Zubietako erraustegia eraikitzeko proiektua bertan behera uzteagatik, 8.190.000 euro izango da.

Akordio hori bi aldeek erakutsitako borondate onari esker lortu da, gipuzkoarron mesederako lan egiteko bion jarrerari esker.

                                                                                             Donostia, 2013ko azaroaren 13a