Gaur eguerdian, GHK-k eta enpresen errausketa plantaren inguruan hartutako akordioaren berri izan eta berehala, Usurbilgo Udaletxe aurrean hiru suziri bota dira, jasotako berri ona ospatuz. Berri honen garrantzia aintzat hartuta, Usurbilgo Alkateak Bando berezia kaleratu du, bertan usurbildarrak zorionduz eta urte hauetan herritarrek errauskailuaren aurka egindako lana eta jarrera eskertuz. Bandoak, hitzez hitz, horrela dio:
"Gaurko egunez, Zubietan aurreikusita zegoen errauste plantaren proiektua bertan behera geratzeko akordio garrantzitsua iragarri du Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoak, obra egitekoa zuten enpresekin akordioa lortu ondoren.
Usurbilgo herriarentzat berri pozgarri hau herritar guztiokin partekatu nahi dut eta, era berean, hainbat urtetan usurbildarren aldarrikapenari erantzuna ematen dion iragarpenari ongi etorria eman.
Halaber, bando honen bidez, usurbildar guztiak zoriondu nahi ditut, urte hauetan errauste planta ezartzearen aurka emandako urrats tinko eta jarrera gizatiar eta aurrerakoia eskertuz.
Usurbilen, 2013ko azaroaren 13an
Mertxe Aizpurua, alkatea"