Foru Aldundia: "errausketaren bidea bukatu da. Zero Zabor bidea da etorkizuna Gipuzkoan"

Noaua Aldizkaria 2013ko aza. 13a, 00:00

Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak Zubietako errauste planta eraiki asmo zuten enpresa taldearekin adosturiko akordioa guztiz partekatzen du Foru Aldundiak, eta "oso ona da gipuzkoarrentzat", "albiste hau pozik eta harro egoteko modukoa da gipuzkoar guztiontzat", gaur arratsaldean Aldundiko egoitzan bertan eginiko agerraldian, ingurumen diputatu Iñaki Errazkinek azaldu duenez. 

Akordio honekin, argi zioenez, "gaur bukatu egin da Gipuzkoako erraustegiaren mamua, behin betiko. Gipuzkoak ez du erraustegirik izango, ez orain eta ez gero". Erraustegiaren bidea amaitu dela, eta aurrera begira jorratuko dena, "zero zabor bidea da Gipuzkoan". Ahalik eta hondakin gutxien sortzea, eta sorturikoak birziklatzea alegia. Bide onetik goaz ingurumen diputatuaren esanetan, "ondo ari gara". 

Zero zabor norabide horretan, gaurko akordioa urrats garrantzitsutzat jo du Errazkinek, baina bihartik aurrera, pauso gehiago emango dituztela iragarri dute. Zer egina badela alegia. Errausketaren bidea guztiz eta behin betiko alboratu ostean, Foru Aldundiaren 2014rako erronka nagusia, hondakinak tratatzeko bestelako azpiegiturak eraikitzea izango da. Ahalik eta adostasun gehienarekin. Horretarako elkarrizketa erronda bat egitekoa da Aldundia, eragile politiko eta sozialekin. 

2016rako, %60ra heldu beharra
Azpiegiturak, hau da, hondakinak egoki tratatzeko plantak eraikitzearekin batera, herrialdeko udal eta mankomunitateekin elkarlanean, bilketa emaitzak ere hobetu asmo ditu Aldundiak. 2016rako %60ko birziklapen tasara heltzeko konpromisoa hartua baitute. Ehuneko horretara heltzeko oraindik "urrats garrantzitsuak emateke daude", Errazkinek gaur adierazi duenez.

Egia da halere, Gipuzkoa hiru urte barrurako finkatua dagoen helburu hori lortzeko bidean dela. Jada zero zabor diren udalerriak daude batetik, euren hondakin guztiak udalerri barruan tratatu eta birziklatzen dituztenak; badira baita birziklapen tasa nabarmen igo duten udalerriak ere. "20 udalerrik %70etik gorako birziklapen tasa dute gaur egun Gipuzkoan. Eta gainera, beste herri askok %70etik gorako birziklapena lortzeko konpromisoa hartu dute", zioen gaur Errazkinek. Eta datu hauei, etengabe hazten ari den "konpostatzaileen" kopurua gehitu behar. "Gaur egun Gipuzkoan 40.000 familiak hondakin organikoa konpostatzen dute, autokonposta edo auzokonpostaren bidez. Etengabe handitzen doa kopuru hori", berri eman du ingurumen diputatuak.