GHK: "Zorionak gipuzkoar guztioi"

Noaua Aldizkaria 2013ko aza. 13a, 00:00

Zubietako errauste planta proiektua behingoz bertan behera geratu dela irudikatu duen gaurko akordio historikoaren inguruko lehen balorazioa eskaini du arratsaldean Kontsortzioak berak, Diputazioarekin batera, Aldundiak Donostiako Gipuzkoa plazan duen egoitzan. 

Pozik agertu da GHK-ko lehendakari Ainhoa Intxaurrandieta. "Zorionak Gipuzkoa eta zorionak gipuzkoar guztioi. Akordio on bat da gipuzkoarrentzat eta oso pozgarria da", adierazi du. Hilabeteetan eginiko lanketaren emaitza izan da GHK-ko buruaren esanetan, gaur jendaurrean erretratatu duten akordioa. 

16 milioi euro aurreztu dira
Erraustegia eraiki asmo zuten enpresen eta GHKren arteko akordioa, akordio on bat dela adierazi du Intxaurrandietak. Erraustegi proiektua behingoz alboratzea albiste on bat dela, erraustegia ingurumen eta osasunarentzat oso kaltegarria dela egiaztatua baitago. Ez hori bakarrik, erraustegia ez zela beharrezkoa gaineratu du, "hori argi geratu da. Erraustegiak funtzionatzeko behar zituen 266.000 tona hondakin, gaur egun Gipuzkoak ez ditu sortzen. Gaur egun, 194.000 tona hondakin sortzen dugu eta urtetik urtera joera hau beherantz doa. Aldiz, birziklatze tasa gorantz doa etengabe", zioen Intxaurrandietak.  

Gaur ezagutzera eman duten akordioa, pozteko moduko albistea dela esateko hirugarren argumentu bat ere bazuen GHK-ko buruak. Errauste planta eraiki izan balitz, ekonomikoki jasangaitza izango zela adierazi du. "Erraustegia eraiki izan balitz, 400 milioi euro kostatuko litzaiguke (66.500 milioi pezeta)", zioen. Aldiz, errauste planta eraiki gabe bertan behera utzita, 16 milioi euro aurreztu dira. Guztira, 8.190.000 euro ordaindu beharko dizkio GHK-k kalte ordainetan, erraustegia eraiki asmo zuten enpresei. "Legalki dagokiguna, ez gehiago ez gutxiago", Intxaurrandietak argitu duenez.

Eta orain zer?
Zubietako errauste plantako eraikitze lanak behin betiko bertan behera utzi ostean, akordiora eta gero, oztopo nagusi bat gainditu dela adierazi du Intxaurrandietak. "Kontratu hau zen oztopo nagusi bakarrenetakoa. Eta orain hau gaindituta azpiegiturak eraikitzea izango da hurrengo pausoa", iragarri du. Aldundiak onartua duen plangintzan aurreikusitako bestelako hondakinen tratamendu plantak eraikitzea hain zuzen.