Hondakinak tratatzeko planta alternatiboen aldeko apustua egingo dute

Noaua Aldizkaria 2013ko aza. 14a, 00:00

Eragile eta herritar askoren artean poztasunez hartu zen atzo, amaierara heltzen ari den 2013 honetako urteko albiste nagusi duguna inguruotan, baita Gipuzkoan ere; urte luzez herritar, erakunde eta eragile hainbatek adierazi duten moduan, nahi ez zuten errauste plantarik ez dutela eraikiko azkenean, ez Zubietan ezta beste inon ere.

Azken orduotan, batzuek eta besteek albiste honen aurreko erreakzioak plazaratu dituzte. Tartean, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak. Errauste planta eraiki asmo zuten enpresekin adosturiko akordioagatik herritarrak zoriontzearekin batera, aurrera begira jarri ziren atzo hedabideen aurrean eginiko lehen balorazioan. Datozen hilabeteotan, Gipuzkoako hiri hondakinen kudeaketa alorrean zer egina badela eta, zituzten lehentasunen berri eman zieten kazetariei. Batetik, erraustegirik eraikiko ez dela argituta, bestelako tratamendu plantak eraikitzea 2014ko erronka nagusi izango zutela adierazi zuten. Elkarrizketa erronda bat abiatzekotan dira gainera, gai honen inguruan ahalik eta adostasun gehiena lortze aldera.

Akordioa adostu osteko, eta erraustegirik gabeko garai berri horren lehen eguna dugu gaurkoa. Aurrera begira jartzekoa baita. Erraustegirik gabe, eta 2014an herrialdean ditugun zabortegiak itxiko dituztela jakinda, gipuzkoarrok sortzen ditugun hondakinak nola eta non tratatuko dira aurrerantzean? Hurrengo hilabeteetan argituko da guztia. Edozein kasutan, alor honetan bada onartua dagoen "Hondakinak. Konponbidea. Garapen Estrategia" izeneko plangintza. Foru Aldundiak 2012ko ekainean jendaurrean aurkeztu zuena. Plagintza hura, bere osotasunean, Diputazioaren web orrian kontsulta daiteke. Helbide honetan: www.gipuzkoaberri.net

Etorkizunean, Gipuzkoako hiri hondakinak kudeatzeko zer nolako eredua proposatzen duten, horren inguruko zehatasunak jasotzen ditu aipatu plangintzak. Errauste-planta proiektua behin betiko bertan behera geratu dela jakin ostean, hauexek dira aurrera begira (aipatu plangintzaren arabera) hondakinak tratatzeko eraikitzea aurreikusten diren tratamendu planta alternatiboak: 

TRATAMENDURAKO AZPIEGITURAK
Zenbait tratamendu planta eraikitzea aurreikusten du Aldundiak Gipuzkoako txoko desberdinetan. Helburu nagusi batekin; "bildutako hiri hondakinen %100 tratatzeko": 

ORGANIKOA TRATATZEKO...
Konpostatze planta deszentralizatua: "urtean 10.000 tona baino gutxiago konpostatzeko ahalmena duten plantak. Mankomunitate bakoitzak horrelako planta bat izango du, Debabarrenan eta San Markon izan ezik. Planta hauek aurreikusten dira beraz:
-Tolosaldean: urteko 6.000 tona tratatzeko ahalmena izango duen planta.
-Sasietan: urteko 6.000 tona tratatzeko ahalmena izango duen planta.
-Debagoienan: urteko 8.000 tona tratatzeko ahalmena izango duen planta.
-Urola Erdian: urteko 10.000 tona tratatzeko ahalmena izango duen planta.
-Urola Kostan: urteko 6.000 tona tratatzeko ahalmena izango duen planta.
-Txingudin: urteko 8.000 tona tratatzeko ahalmena izango duen planta.

San Marko Mankomunitatean (Zubietan): digestio anaerobiorako planta aurreikusten da. Urteko 35.000 tona tratatzeko ahalmena izango du.

ONTZI ARINAK TRATATZEKO...
Urnietan eta Legazpin dauden aukeratze-plantetan, Aldundiko plangintzaren arabera, "trataera areagotu beharra dago". Honez gain, Zubietan ontziak aukeratu eta sailkatzeko planta berri bat eraikitzea aurreikusten da, "material berreskurapenaren eraginkortasuna areagotzearren. Trataera-planta hau 30.000 tonako ahalmenaz planteatzen da".

GAINERAKO HONDAKIN ZATIARENTZAT...
Tratatzeko sistema "erdi-deszentralizatu bat" planteatzen du Aldundiak. Trataera mekaniko-biologikorako  hiru planta eraikitzea aurreikusten da, horietako bat Zubietan, "material birziklagarrien berreskuratzea maximizatzeko eta hondakin primarioaren egonkortze biologikoa lortzeko". Planta hauei esker gainera, "itxi egingo dira gaur egun Gipuzkoan dauden hiru zabortegiak-Lapatx, Urteta eta Sasieta-, eta material egonkortua espazio degradatuak leheneratzeko material gisa erabiliko da". Hiru planta eraikitzea aurreikusten da:
-Zubietan: 90.000 tona tratatzeko zentro bat, "goi mailako teknologia intentsiboko planta".
-Sasietan eta Urola Erdian: 30.000 tona tratatzeko ahalmena duten planta bana, "teknologiaren sinpletasunean eta inbertsio baxuan" oinarrituko direnak. 

ZUBIETAN BERAZ...
Hondakinak tratatzeko eraikitzea aurreikusten diren planten artean, Aldundiaren plangintzaren arabera, honako hauek kokatuko lirateke Zubietan:
-Organikoa tratatzeko digestio anaerobiorako planta.
-Ontziak aukeratu eta sailkatzeko planta.
-Erreusarentzat, trataera mekaniko-biologikorako planta.