Hileroko bigarren osteguneko ohiturari eusten diote Usurbilgo Gaztetxean, eta oraingoan ere afari beganoa antolatu dute gaur iluntzerako, azaroaren 14rako, Alkartasuna kooperatibaren egoitza ohian. Aurrekoetan bezala, borondatearen truke antolatu dute otordua. Eta musikaz girotu asmo dute afalostea, Isuo Sassia zarauztar musikariarekin. Aurretik, urte garai honetako jaki goxoak dastatzeko aukera egongo da. Antolatzaileek egina dute gonbita: "Udazkena aurrera doala eta, urtaro honetako plater goxo eta beroez gozatu ahal izango da. Afalostea alaitzen Isuo Sassia zarauztarra arituko da bere abesti sakonekin". Joan eta gozatu beraz.
Boliviari buruzko hitzaldia igandean
Aste honetarako bigarren ekitaldi bat ere antolatu dute Gaztetxekoek. “Bolivia, herri indigena baten borrokak” izenburudun hitzaldia, igande arratsaldeko 18:00etan hasita, gaztetxean bertan. Askapenaren bidez, udan Bolivian brigadista gisa lanean aritu diren bi lagunek euren bizipenak azalduko dituzte. Herrialde hartako mugimendu sozial eta politikoekin, baita hizkuntza arloko eragileekin izandako bizipenen berri ere. Hitzaldiaren ostean, tertuliarako tartea izango da.