Joseba Tapiaren "Belarriak soinu" hitzaldia, 19:30etan Potxoenean

Noaua Aldizkaria 2013ko aza. 14a, 00:00

Sarrera doan izango da. Egunotako etenaldiaren ostean, ekitaldi honekin itzuliko da ostegun honetan NOAUA!k antolaturiko Kulturaldia. Gogoan izan, igandean amaituko dela Kulturaldia, "Agur esatea" filmaren proiekzioarekin. Eta aurretik, bihar, Zumetaren sormen lanari buruzko dokumentala proiektatuko dela Sutegin 19:30etatik aurrera, NOAUA!k Udalarekin batera elkarlanean antolatu duen ekitaldian. Hitzordu honetarako sarrera doakoa izango da, baina gonbidapena jaso behar da aurrez, NOAUA!ko egoitzan. Igandeko filmerako sarrerak ere 5 eurotan eskura daitezke aurrez, NOAUA!ko egoitzan eta Txiribogan. Bazkideek 3 eurotan, aldez aurretik baita, baina NOAUA!ko egoitzara etorrita.

Hona hemen, kultur elkarteak programatu eta burutzeke dauden ekitaldien berri:

AZAROAK 14, OSTEGUNA: JOSEBA TAPIAREN "BELARRIAK SOINU" HITZALDIA
Ordua: 19:30.
Tokia: Potxoenea.

Edukia: irakaskuntza oinarri hartuta “ganbaratik akademiara” proposamen praktikoa. Musika irakaskuntzaren inguruan azken urteetan egindako hausnarketak biltzen ditu jendaurreko saio praktiko honek. Belarriaren garrantzia azpimarratzeko eta azalpenak hornitzeko hainbat instrumentu baliatzen ditu (aho-soinua, ukelelea, baxua edo soinu txikia). Herri musikak (trikitixa, folka, rocka…) ganbaratik akademiara, entsegu lokaletik musika eskolara egin duen bideak kezka sortzen dio Joseba Tapiari, musika klasikoa irakasteko pedagogia bera ezartzen ari delakoan herri musikaren esparruan. 

Sarrera: doan.
Antolatzailea: NOAUA! Kultur Elkartea.


AZAROAK 15, OSTIRALA: ZUMETAREN SORMEN LANARI BURUZKO PROIEKZIOA
Izenburua: "Izenik gabe, 200X133".
Ordua: 19:30.
Tokia: Sutegiko auditorioa.
Zuzendariak: Enara Goikoetxea eta Monika Zumeta.
Gidoia: Miren Juaristi eta Monika Zumeta.
Argazkia: Esteban Ramos.
Iraupena: 82 minutu.

Edukia: Jose Luis Zumeta margolariak desordutan egiten du lan Arribeko (Nafarroa) autobus-garaje zahar batean kokaturiko bere tailerrean. Lan horien sormen-prozesua da dokumental honen muina. Margolariak lehen aldiz erakutsiko du, kamera baten aurrean, bereizgarri duen barru-barruko sormen prozesu bakana. Alde batetik, artistaren alaba Monika Zumeta, eta beste aldetik, Enara Goikoetxea dokumentalgilea dira dokumental honen zuzendariak. Bi zuzendarien arteko lanak eta grabaketa talde murriztu batek, abagune egokia sortu dute, artista grabaketa aparatuez ahaztu dadin eta bere lan metodologia naturaltasun osoz azaldu dezan. "Izenik gabe, 200x133" dokumentalak, Jose Luis Zumeta artista modu zuzen batean ezagutzeko aukera ematen du, beharrezkoak ez diren apaingarriak kenduta "Izenik Gabe 200x133" dokumentalak Donostia Zinemaldiaren 61. edizioan parte hartu du, Zinemira sailean. Usurbilen egingo den aurkezpenean egileen hitzak entzuteko aukera izango dugu.

Sarrera: doan. Gonbidapenak doan eskura daitezke Potxoenean edo NOAUA!n. Plaza mugatuak.
Antolatzaileak: NOAUA! Kultur Elkartea eta Usurbilgo Udala.


AZAROAK 17, IGANDEA: IZASKUN ARANDIAREN "AGUR ESATEA" FILMA
Ordua: 19:00.
Tokia: Sutegiko auditorioa.

Sinopsia: AGUR ESATEA, Gerra Zibilean gertatutako haurtzaroaren eta nortasunaren galerari buruzko istorioa da, baina batez ere, esperantzaz betetako istorio hunkigarria da. Animazio teknika berritzaileak erabiliz, filmak 1937an Erresuma Batura ebakuatu zituzten Euskal Herriko ia 4.000 haurrei buruzko istorioa kontatzen du. Gurasoei agur presaka esatea behartuta, haur hauek Erresuma Batuan hiru hilabetez egongo zirela uste zuten. 75 urteren ostean, batzuk oraindik bertan daude, gurasoengandik eta amalurragatik betirako banatuta. Gatazka itzel eta odoltsuak puskatutako familiak eta suntsitutako haurtzaroak. Gaur egun 80-90 urte bitartean dituzten 14 haurren ahotsen bidez historiaren gertaera tragiko hau kontatuko dugu sakona, eta ustekabekoa den animaziozko dokumental eder honetan. 

Sarrerak: 5 eurotan egunean bertan, eta aurrez Txiriboga tabernan eta NOAUA!ko egoitzan. Bazkideek 3 eurotan, aurrez erosita NOAUA!ko egoitzan.
Antolatzailea: NOAUA! Kultur Elkartea.