Gaurko egunkarietan azaleko eta lehen orrialdeetako hizpide nagusia dugu Zubietako errauste planta egitasmoa behin betiko bertan behera geratu den albistea:
GARA: "Aldundiak eta enpresa eraikitzaileek 8 milioi eurorekin 400 milioi euro kostatzen zuen erraustegia kitatu dute".
BERRIA: "Partzuergoa eta enpresak ados jarri dira, eta Zubietako errauste planta ez da egingo".
DIARIO VASCO: "Gipuzkoak 8,1 milioi euro ordainduko ditu, erraustegi proiektua lurperatzeko".
NOTICIAS DE GIPUZKOA: "Gipuzkoak 8,1 milioi euro ordainduko ditu, errauste planta ez eraikitzeagatik".
EITB: "Zubietako erraustegia ez egiteko akordioa itxi du Aldundiak enpresekin".
EL PAIS: "Gipuzkoak 8,1 milioi euro ordainduko ditu, erraustegirik egon ez dadin".
EL MUNDO: "8 milioi Gipuzkoako erraustegia geldiarazteko".
Eta abar...
Alkate ohiaren zorion agurra
Hondakinen kudeaketaren gaia oso gertutik jarraitu duen beste usurbildar baten adierazpenak. Kasu honetan, 2007-2011 legegintzaldian Usurbilgo Udaleko alkate izan eta egun Madrilgo Diputatuen Kongresuan Amaiur koalizioko bozeramaile lanetan dabilen Xabier Mikel Errekondoren hitzak, erraustegi proiektua betiko bertan behera geratu dela jakin ostean. Hala zioen Twitter bidez: "Akabo erraustegia! Gaurko hau egun eder eta eguzkitsua dugu benetan! Gipuzkoar denok pozik egotekoa. Zorionak! Bereziki usurbildarroi!", idatzi du sare sozialetan.
Alternatiba eta argibide eske, oposiziotik
Inguruotatik kanpoko erreakziorik ere izan da azken orduan. Eusko Jaurlaritzarena tartean. Ana Oregi Ingurumen eta Lurralde Politika sailburuak, errespetuz hartu du Gipuzkoako Foru Aldundiak errauste planta eraiki asmo zuten enpresekin adosturiko akordioa, baina erantzukizunak eskatu dizkio Martin Garitano buru duen erakundeari. Hondakinak nola kudeatu asmo dituen argitzeko eskatu dio Oregik. Bere esanetan, errauste planta bertan behera utzita, orain ez dago alternatibarik. Gaineratu duenez, hondakinak murriztu, birziklatu eta berrerabili behar direla, horren inguruan adostasun zabala dago Euskadin. Aldiz, Jaurlaritzako sailburuaren esanetan, adostasunik ez dago hondakinak bildu eta tratatzeko sistemaren inguruan.
Gipuzkoako Batzar Nagusietara etorrita, oposizioan dauden talde politikoek lehen adierazpenak egin dituzte baita, errauste planta proiektuaren behin betiko etenaldiari buruz:
EAJ-PNV-ren esanetan, argitu beharreko itzal ugari ditu atzo ezagutzera eman zen akordio historikoak. Erraustegirik gabe, Aldundik orain zer egin behar duen argitzea eskatzen dio, euren esanetan, plan alternatiborik ez baitago. Ez dute ulertzen, erraustegia eraikitzeko kontratuak baliogabetu ostean, GHK-k enpresei kalte ordainak eman izana.
PSE-EEkoentzat eskenatokirik okerrenean gaude. Atzoko akordioa, Mankomunitate eta Batzar Nagusiei bizkar emanda adostu da eta larritzat jotzen dute. Gipuzkoa zabortegien mende uzten dutela gaineratu dute. Aurreikusitako plantak eraikitzeko herritarrek jarritako dirua gaizki kudeatuta amaituko da legegintzaldi hau, inongo plan alternatiborik gabe, sozialisten esanetan.
PP-rentzat, herritarrei dirua kentzen ari zaie, enpresa talde bati emateko, eraikiko ez diren azpiegitura batzuen truke. Atzoko akordioaren ostean, orain baliabide gutxiago ditu Gipuzkoak popularren ustez, ez dago azpiegiturarik eta hondakinen arazoak konpondu gabe jarraitzen du.