Larunbat eguerdian, Zubietako frontoira joateko deia GZZ-tik

Noaua Aldizkaria 2013ko aza. 14a, 00:00

Larunbat eguerdi honetarako, azaroaren 16rako, prentsaurrekoa deitu du Gipuzkoa Zero Zaborrek, 12:00etan Zubietako frontoian. "Nik ere erraustegia gelditu dut" izenburupean bertaratzeko gonbita luzatzen ari dira herritarrei. Prentsaurreko jendetsua izatea nahi dute eta, Gipuzkoako hiri hondakinen kudeaketaren gaian bizitzen ari garen une historiko honetan.

"Erraustegia, herri eragileen bultzadaz geratua" 
Herrialde mailako zero zabor taldeak biltzen dituen mugimenduak, errauste planta proiektua behin betiko bertan behera geratu izanaren aurrean, poza agertu du web orri bidez zintzilikatu dituzten bi bideoetan. Lemoizko zentrala geratzea lortu zenetik Euskal Herrian halakorik ez dela gertatu diote Gipuzkoa Zero Zaborretik. Eta errauste planta geratu bada, herri eragileei esker izan dela. Erraustegia bertan behera utzi bakarrik ez, aurrera begira hondakinen kudeaketa eredua ere alda daitekeela adierazi dute. Guztia, aipatu moduan, GZZ-koen web orrian ikus daitezkeen bi bideoetan jasoa dute.

Batean, zenbat diru aurreztuko den argi adierazten dute. Erraustegia 444 milioi euro kostako zela, aldiz, alternatibak martxan jartzeak 191 milioi euroko gastua eragingo duela. Horregatik galdera argia egiten dute bideoan. "Gure osasunak ez al ditu 250 milioi euro aurreztea merezi?". Dirua aurrezteaz gain, ingurumenarentzat eta herritarren osasunarentzat atzoko akordioak zer nolako onura dakarren nabarmentzen dute.

"Gure ahalmenean sinisten badugu, Zero Zabor lurraldea erdietsiko dugu!"
Parodia moduko bat irudikatu dute zenbait herritarrek, Gipuzkoa Zero Zaborrek bere web orrian zintzilikatu duen bigarren bideoan. Santixabeletan zintzilik ikusi ahal izan dugun erraustegiaren maketa ikus daiteke, erraustegia eraiki asmo zuten gunean bertan, kea dariola. Erraustegiaren ondoan zenbait herritar ageri dira arnasa hartu ezinik. Erraustegia hartu, paretik kendu eta haren alternatiba erakusten dute. Organikoa konpostatu eta ongarri bihurtzerainoko prozesua. Amaieran, landare eta koloretazko haize erroten inguruan topa egiten ageri da herritar talde hau.

Eta segidan, honako mezua irakur daiteke: "Zero Zabor lurraldea erdiesteko mehatxurik handiena, erraustegia, herri eragileen bultzadaz geratua. Lemoizko zentrala geratzea lortu zenetik ez da horrelakorik lortu Euskal Herrian. Gure ahalmenaz jabetzen bagara, azpiegitura erraldoi bat geratu bakarrik ez, kudeaketa eredua alda dezakegu. Gure ahalmenean sinisten badugu, Zero Zabor lurraldea erdietsiko dugu!”. 

GZZ sarean: http://www.gipuzkoazz.com/zerozabor/