Konpostatzea eta atez atekoa defendatzen ditu Aldundiaren planak

Noaua Aldizkaria 2013ko aza. 14a, 00:00

Gipuzkoako Foru Aldundiak hondakinen kudeaketa arloan datozen urteoi begira egin asmo duena, 2012ko ekainean ezagutzera eman zuen plan batean jasoa du. "Hondakinak. Konponbidea. Garapen Estrategia" izeneko planean alegia. Hondakinak nola tratatu bakarrik ez, zer modutan bildu behar diren ere proposatzen du Diputazioak. Hondakinak birziklatu eta berrerabiltzea, horixe da Aldundiaren lehentasun nagusia.

Erronka bikoitza bete nahi baita Gipuzkoan, datozen urteotan; 2016an, hondakinen gaikako bilketa %60ra heltzeko apustua egin du Diputazioak. Eta 2020an, hondakinen %75 gaika biltzea lortu nahi dute. Emaitza hauetara iristeko errezeta onena, atez ateko bilketa sistema eta konpostatzea sustatzea direla dio Aldundiaren planak.  

PREBENTZIOA ETA BERRERABILPENA SUSTATZEA
Birziklatzearen eta "beste balorizazio modu batzuen aurrean", Diputazioaren plagintzaren lehentasuna berrerabilera sustatzea da. Aukera berriak sortzen baititu, "enplegu berdea garatzeko, eta garapen ekonomiko eta soziala eta ingurumenaren babesa elkarren osagarri izatea lortzeko bidean aurrera egiteko". 

Prebentzio arloan ere sakontzen du plangintza honek. Alor honetako ekimenak bideratzeko, "udal, mankomunitate, dirua irabazteko asmorik gabeko elkarte eta sozietate publikoenkotzat diru laguntzak" aurreikusten ditu plangintzak. "Lehentasun gorenekoak" izango dira Gipuzkoan, autokonpostatzea eta auzokonpostatzea bultzatzea.

BILKETARAKO: ATEZ ATEKOA, ERAGINKORRENA
Foru Aldundiak erronka bikoitza jarria du: 2016rako %60ko gaikako bilketara heltzea herrialde mailan. Eta 2020rako %75era. Egunerokoan sortzen ditugun hondakinekin zer egin ere jasotzen du plangintzak. Bilketa eredu eraginkorrena, atez atekoa dela dio, 2012ko ekainean Aldundiak jendaurrean aurkeztu zuen plangintzak. "2008-2016 Aurrerapen Dokumentua onartu zenez geroztik atez ateko sistemak lortu dituen emaitzek eta gizarte eta erakunde mailan izan den gogoetak ekarri dute atez ateko bilketa sistema hartzea, eraginkorren eta emaitzetara begira ondoen funtzionatzen duen sistematzat", dio "Hondakinak konponbidea. Garapen Estrategia" planak.

Aurrera begirako bidea zein den argi dio aipatu txostenak. Hondakinak sortzen dituenak, hondakin horien erantzule egingo duen sistema bultzatu behar da. "Gipuzkoan azkenean erabakitako eredua sortzaileak erantzukizuna duen derrigorrezko sistema baterantz doa, gaikako bilketa maximizatzeko eta bildutako  zatikien kalitatea areagotzeko, lurraldeko udalerri gehienetan atez ateko bilketa sistemak jarriz horretarako".