24 orduko tartean, metro karratuko 60 litro ere pilatu omen daitezke inguruotan. Alerta horian egongo gara, bihar iluntzeko 18:00ak arte. Okerrena ostiral iluntze honetarako omen dator. "Zaparrada txiki-ertainak botako ditu; kantauri isurialdean, eta goizean goiz eta azken orduetan prezipitazioa sarriago egingo du eta ugariagoa izango da. Trumoi-ekaitzak izateko eta txingorra egiteko probabilitatea handia da", hala dio Euskalmet-en alerta oharrak.
Bihar goizera arte luzatuko da giro trakets hau. "Goizean ekialdetik mendebaldera atertzen joango da. Arratsaldean han-hemenka zaparrada txikiren bat botatzeko probabilitatea txikia da, bereziki barnealdean", Euskalmet-en arabera. Barnealdean hain zuzen euria edo kazkabarragatik bakarrik ez, elurra ere espero da. Datozen orduotan 500 metrotaraino ere jaitsi daiteke elur-kota. Bihar arratsalderako ordea 1000-1200 metrotara igotzea espero da.
Baldintza hauetan, honako eguraldi iragarpena egin du Euskalmet-ek, astebururako:
GAUR, AZAROAK 15, OSTIRALA...
"Giro ezegonkorra, zaparrada ugari eta tenperaturaren jaitsiera. Zerua ilun agertuko da eta zaparradak erruz botako ditu. Noizbehinka trumoi-ekaitzak eta txingorra botako ditu, bereziki kantauri isurialdean. Elur-kota jaitsi egingo da, goizean goiz 1000 m inguruan kokatuko da eta goizean 700-900 m ingurura jaitsiko da. Iparraldeko haize bizia ibiliko da, bolada gogorrekin eta oso gogor batzuekin kostaldean eta mendi inguruetan. Ziertzoak ere zakar joko du. Tenperatura maximoak jaitsi egingo dira eta 7-13 ºC artean kokatuko dira lurralde osoan".
BIHAR, AZAROAK 16, LARUNBATA
"Larunbatean giro hotzagoa espero da eta 700-900 m-tik gora zurituko du. Egunaren lehenengo partean zerua oso hodeitsu egongo da eta zaparrada ertainak botako ditu, sarriago kantauri isurialdean. Bertan, goizaldean, ekaitz zaparradak botako ditu eta baliteke txingorra ere egitea. Elur-kota 700-900 m inguruan kokatuko da goizaldean, eta arratsaldean 900-1200 m-ra igoko da. Goizean atertuko du eta ostarte batzuk zabalduko dira. Arratsaldean noizbehinka zaparrada txikiak botako ditu. Ipar/ipar-ekialdeko haize bizia ibiliko da, goizean bolada gogorrekin kostaldean eta mendi inguruetan. Giroa hotza izango da eta maximoak nekez iritsiko dira 7 ºC-ra barnealdean eta 11 ºC-ra kostaldean. Mendi inguruetan izotz txikia egingo du".
ETZI, AZAROAK 17, IGANDEA
"Igandean tenperatura igo egingo da baino giro nahasia izango dugu. Hodei asko egongo da eta euri txikia egingo du. Elur-mailak gora egin eta 1300-1500 m inguruan ibiliko da. Tenperatura maximoak ere, nabarmen igoko dira eta 10 ºC-ren bueltan ibiliko dira barnealdean eta 12-13 ºC-ren bueltan kostaldean".
Kontuz ibili beraz, errepidean bereziki.