Zumetaren sormen lanari buruzko dokumentala, 19:30etan Sutegin

Noaua Aldizkaria 2013ko aza. 15a, 00:00

Kulturaldia azken txanpan da jada. Bi ekitaldi baino ez, NOAUA!k antolatu duen ekitaldi sortari amaiera emateko; hasteko, gaur 19:30etan Jose Luis Zumeta artista usurbildarraren sormen lan prozesua ezagutzeko aukera izango dugu Sutegin, Udalarekin batera antolatu dugun "Izenik gabe, 200X133" dokumentalaren proiekzioan. Ekitaldirako, ez ahaztu gonbidapena eramatea. 

Kulturaldiko azken hitzordua berriz, iganderako, azaroaren 17rako finkatu dugu. "Agur esatea", 1937an Erresuma Batura ebakuatu zituzten Euskal Herriko ia 4.000 haurrei buruzko istorioa azaltzen duen proiekzioa programatu dugu. Igandean 19:00etan Sutegin. Sarrerak aurrez 5 eurotan salgai Txiribogan edo egunean bertan, prezio berean. 

Hiru eguneko etenaldiaren ostean, atzo heldu genion aurtengo Kulturaldiko azken txanpari. Joseba Tapiaren "Belarriak soinu" hitzaldiaz gozatu ahal izan zuten, Potxoeneara hurbildu ziren hogetik gora lagunek. 

Kulturaldia amaitzeko, bi ekitaldi beraz, asteburuan:

 

AZAROAK 15, OSTIRALA: ZUMETAREN SORMEN LANARI BURUZKO PROIEKZIOA
Izenburua: "Izenik gabe, 200X133".
Ordua: 19:30.
Tokia: Sutegiko auditorioa.
Zuzendariak: Enara Goikoetxea eta Monika Zumeta.
Gidoia: Miren Juaristi eta Monika Zumeta.
Argazkia: Esteban Ramos.
Iraupena: 82 minutu.

Edukia: Jose Luis Zumeta margolariak desordutan egiten du lan Arribeko (Nafarroa) autobus-garaje zahar batean kokaturiko bere tailerrean. Lan horien sormen-prozesua da dokumental honen muina. Margolariak lehen aldiz erakutsiko du, kamera baten aurrean, bereizgarri duen barru-barruko sormen prozesu bakana. Alde batetik, artistaren alaba Monika Zumeta, eta beste aldetik, Enara Goikoetxea dokumentalgilea dira dokumental honen zuzendariak. Bi zuzendarien arteko lanak eta grabaketa talde murriztu batek, abagune egokia sortu dute, artista grabaketa aparatuez ahaztu dadin eta bere lan metodologia naturaltasun osoz azaldu dezan. "Izenik gabe, 200x133" dokumentalak, Jose Luis Zumeta artista modu zuzen batean ezagutzeko aukera ematen du, beharrezkoak ez diren apaingarriak kenduta "Izenik Gabe 200x133" dokumentalak Donostia Zinemaldiaren 61. edizioan parte hartu du, Zinemira sailean. Usurbilen egingo den aurkezpenean egileen hitzak entzuteko aukera izango dugu.

Sarrera: doan. Gonbidapenak doan eskura daitezke Potxoenean edo NOAUA!n. Plaza mugatuak.
Antolatzaileak: NOAUA! Kultur Elkartea eta Usurbilgo Udala.


AZAROAK 17, IGANDEA: IZASKUN ARANDIAREN "AGUR ESATEA" 
Ordua: 19:00.
Tokia: Sutegiko auditorioa.

Sinopsia: AGUR ESATEA, Gerra Zibilean gertatutako haurtzaroaren eta nortasunaren galerari buruzko istorioa da, baina batez ere, esperantzaz betetako istorio hunkigarria da. Animazio teknika berritzaileak erabiliz, filmak 1937an Erresuma Batura ebakuatu zituzten Euskal Herriko ia 4.000 haurrei buruzko istorioa kontatzen du. Gurasoei agur presaka esatea behartuta, haur hauek Erresuma Batuan hiru hilabetez egongo zirela uste zuten. 75 urteren ostean, batzuk oraindik bertan daude, gurasoengandik eta amalurragatik betirako banatuta. Gatazka itzel eta odoltsuak puskatutako familiak eta suntsitutako haurtzaroak. Gaur egun 80-90 urte bitartean dituzten 14 haurren ahotsen bidez historiaren gertaera tragiko hau kontatuko dugu sakona, eta ustekabekoa den animaziozko dokumental eder honetan. 

Sarrerak: 5 eurotan egunean bertan, eta aurrez Txiriboga tabernan eta NOAUA!ko egoitzan. Bazkideek 3 eurotan, aurrez erosita NOAUA!ko egoitzan.
Antolatzailea: NOAUA! Kultur Elkartea.