Bildu koalizioari, eta azken hamarkadan erraustegiaren aurkako borrokan aritu diren gizarte mugimendu eta herritarrei zorionak helarazi dizkiete Gipuzkoako Errausketaren Aurkako Herri Plataformen Koordinakundetik. Halere, argi adierazi dutenez, "ezin gara zoriontasunean geratu". Errauste planta proiektua bertan behera geratu da bai, baina asteazkeneko akordioarekin ez da konpondu hondakinen arazoa. Horregatik, Koordinakundeak argitara eman duen prentsa oharrean aipatzen duenez, "ezin gara gelditu Gipuzkoako hiri eta herri guztiak gutxienez %80ko hondakinen gaikako bilketa lortu arte, ekimen hau Euskal Herriko beste lurraldeetara zabaldu, Legebiltzarrari Hondakinen Legea eta Ontziratze Legea eskatu, honekin guztiarekin sortzen diren hondakin kopurua ahal den guztia murrizteko".
Erraustegiari azken agurra emateko kaleratu duten oharra, bere osotasunean, hemen:
AGUR ERRAUSKAILUA
Gipuzkoako errausketaren aurkako plataformen koordinadorak garbi ikusten du herrialdean errauskailurik ez egiteko behin betiko pausua eman berri dela. Aurreko legealdiko Foru Aldundiak eta GHK-k, PNVren esku zirenak eta PSE-PPren laguntzarekin, kontratuak hauteskundeak galdu ondorengo sinadurekin ongi lotuta utzi bazituzten ere, gaur egungo Bilduko kudeatzaileek lortu dute kontratuak etetea, hori bai, 8 milioi euro ordainduta. Seguru dirutza publiko hau aurreztu ahal izango zela kontratuak sinatu zituztenen (PNV-PSE-PP) uste txarragatik izan ez balitz, bai bazekiten ondoren zetozenak ez zutela haien ideiekin bat egiten.
Pozteko unea da, Bildu zoriontzekoa, hauteskundeetan agindutakoa bete duelako eta azken 10 urte baino gehiagotan errausketa plantaren aurkako borrokan aritu diren gizarte mugimenduak eta pertsonak zoriontzekoa ere bai.
Baina ezin gara zoriontasunean geratu, errausketaren aurka ginenok zabortegien aurka ere bai baikaude. Irtenbidea 2012ko maiatzaren 24ko Europako Parlamentuko Erresoluzioak markatzen digu (PNV-PSE-PPren aldeko botuekin onartua). Bertan hondakinen hierarkiaz (murriztea, berrerabiltzea, birziklatzea/konpostatzea, balioztatze energetikoa, ezabatzea) hitz egin ondoren, zera esaten du “hondakin baztergarriak ia erabat ezabatzeko beharra”, “zabortegiak debekatzea” eta “birziklagarriak edo konpostagarriak diren hondakinen errausketa ezabatzea”.
Gipuzkoan pauso oso garrantzitsuak ematen ari dira, batez ere hondakin bilketaren alorrean; 2013 bukatzerako 120.000 gipuzkoarrek haien hondakinak %80an sailkatuta aterako dituzte eta 12.000 familia baino gehiagok konposta egiten dute sortzen duten materia organikoarekin. 2014an askoz gehiago izango dira eta edonork ikus dezake mugimenduak aurrera jarraituko duela Gipuzkoa Zero Zabor lurraldea bihurtu arte. Garaia da Europan hain erresoluzio aurrerakoiak bozkatzen dituzten alderdiak kontsekuente izan daitezen, hondakinen hierarkia jarraitzen duten ekimenei sabotajea egitetik utz dezaten eta Gipuzkoan “hondakin baztergarriak ia erabat ezabatzeko beharra” bilatzen duen proiektuarekin bat egin dezaten.
Ezin gara gelditu Gipuzkoako hiri eta herri guztiak gutxienez %80ko hondakinen gaikako bilketa lortu arte, ekimen hau Euskal Herriko beste lurraldeetara zabaldu, Legebiltzarrari Hondakinen Legea eta Ontziratze Legea eskatu, honekin guztiarekin sortzen diren hondakin kopurua ahal den guztia murrizteko.
Hitz bitan, deia zabaldu nahi diegu herritarrei eta gizarte mugimenduei, lanean jarrai dezagun azken urteetan egin dugun moduan eta inork ez dezala pentsa hondakinen arazoa errauskailuaren behin betiko ixtearekin bukatu denik.
GIPUZKOAKO ERRAUSKETAREN AURKAKO PLATAFORMEN KOORDINADORA