Larunbatean 12:00etan, Zubietako prentsaurreko jendetsura joateko deia

Noaua Aldizkaria 2013ko aza. 15a, 00:00

"Nik ere erraustegia gelditu dut" adieraztera joateko gonbita luzatzen zaie herritarrei, larunbat eguerdiko 12:00etan, Zubietako frontoira. Ordu erdi beranduago, 12:30etan hasiko da, Gipuzkoa Zero Zabor, Ekologistak Martxan, Eguzki eta Gipuzkoako Errausketaren Aurkako Herri Plataformen Koordinakundearen eskutik deitutako prentsaurrekoa. Batetik, Zubietako herritar batek hartuko du hitza eta ekitaldia antolatu duten eragileen izenean, kide batek ohar bat ere irakurriko du. Hau guztia eta gehiago, bihar eguerdiko 12:30etan Zubietako frontoian.

"Mugarri historikoa"
Pozik eta gustura asko ospatu dute errauste planta egitasmoa behin betiko bertan behera geratu izana, ondoko irudian ageri diren zero zabor taldeetako kideek. Mugarri historikotzat jotzen dute pauso hau, "herritarren osasuna eta ingurumena lobby ekonomiko-politikoen interes partikularrei gainditzeko borrokan". Lemoizko zentral nuklearra bertan behera geratu zenetik "ez da izan herri mugimenduaren horrelako beste garaipenik" Gipuzkoa Zero Zaborretik diotenez.

Euren aitorpen eta eta esker ona adierazi nahi diete, urteotan, "bilketa sistema eraginkorrak martxan jarri dituzten 28 herrietako herritar zein agintariei, eta, Foru Aldunditik, nahiz GHKtik, mehatxu hau bertan behera utzi, eta, Zero Zabor bidean aurrera egiteko ahalegin itzela egin dutenei". 

Garaipen honekin ordea ez dute ahazterik nahi, oraindik lortzeke dagoen helburua: "gure xede nagusia, Zero Zabor eredu efiziente eta zirkularrera igarotzea". Erronka betetzeko bidea ordea, argi dute. "Bide horretan garaipen berriak dauzkagu zain, gaikako bilketa eraginkorra zabaldu, materialak berreskuratzeko azpiegiturak eraiki eta, nola ez, behingoz eta betiko Gipuzkoan martxan dauden hiru zabortegi kutsakorrak ixtea". 

Errauste planta egitasmoa bertan behera geratu izanaren inguruko balorazio osoa, edota Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) eta aipatu erraustegia eraiki asmo zuen enpresa taldearen arteko akordioaren argibideak, GZZ-koen blogean: http://www.gipuzkoazz.com/zerozabor/.

Irudia: Gipuzkoa Zero Zabor.