Hala zioen gaur Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko (GHK) Administrazio Kontseiluak, GHK-k Hernanin duen egoitzan eginiko agerraldian. Erraustegiaz jada lehen aldian hitz egin daitekeela, eta egitasmo hau bertan behera uzteko asteazkenean bi aldeek, erakundeek eta enpresek adosturiko akordio historikoak inflexio puntua suposatuko duela adierazi du, Ainhoa Intxaurrandieta lehendakariak. Erraustegiaren aroa itxi eta fase berri bat irekiko baita hondakinen kudeaketaren arloan. "Erraustegiaren mehatxua atzean utzi dugu gipuzkoar guztion artean", adierazi du GHK-ko buruak, erakundeek, eragileek eta herritarrek urteotan eginiko elkarlana nabarmenduz.
Ez hori bakarrik, Intxaurrandietaren esanetan, "akordio honek ere atzean utzi nahi ditu bide judizialak, epaiketa gatazkatsuak eta orain arte sortu diren tentsio guztiak ere. Orain korapilo horiek guztiak askatzen saiatuko da Administrazio Kontseilu hau, gatazka atzean utzi eta premiazkoak diren beste zereginetan buru belarri hasteko".
Zubietako errauste planta egitasmoaren inguruan erakunde eta enpresek adosturiko akordioaren zilegitasuna defendatu du Intxaurrandietak. Akordio ona dela dio GHK-k, "osasunarentzat, Gipuzkoako ingurumenarentzat eta oro har mundu jasangarriago batentzat. Eta erabaki honen onurak, gure atzetik datozen belaunaldiek ere jasoko dituzte".
Azken egunotan hedabideen aurrean zenbait eragile politikok, GHK-k erraustegia eraiki asmo zuten enpresei ordaindu asmo dien kalte ordainaren inguruan esandakoak gezurtatu nahi izan ditu Intxaurrandietak. Argi utzi nahi izan du gai hau. 8.190.000 euro ordainduko zaizkie kalte ordain gisa erraustegia eraiki asmo zuten enpresei, eta beste 2.810.000 euroko faktura, jada eginak dauden lanen truke.
Azpiegiturak lehentasun
Erraustegia ez den bestelako tratamendu plantak adostu eta eraikitzea da orain, aurrera begira, GHK-k duen lehentasuna. Euren esanetan, arazorik ez luke egon beharko gai honen inguruan adostasunak biltzerakoan. Eztabaida pizten zuen proiektu bakarra, erraustegia baitzen eta egitasmo hau jada bertan behera utzi baita.
Xehetasunen berri aurrerago emango dutela iragarri duten arren, aro berri honetarako ibilbide orria aurkeztu dute gaur. Une honetan, gai honi loturiko azter lanean dabiltzala adierazi dute eta azterlan hauen emaitzen berri laster batean emango dutela. Edozein kasutan, errauste plantaren alternatiba izango diren azpiegitura berriak malguak, ekonomikoki eta ingurumenarekin jasangarriak izango direla adierazi du GHK-ko lehendakari orde Imanol Azpirozek. "Gain dimentsionatuak" ez dauden eta errealitate berrira egokituko diren azpiegiturak izango direla, zubietarrak aurreratu duenez. Hiri hondakin zati guztiak tratatuko dituzten plantak eraiki asmo dituzte:
-Organikoa tratatzeko: konpostatze eta biometanizazio azpiegiturak. Epelen eraikitzekoak dira hilabete gutxi barru martxan egongo den konpostatze planta bat. Hamabost egun barru jarriko dute lehen harria.
-Ontziak eta papera tratatzeko sailkatze plantak.
-Erreusarentzako tratamendu mekaniko eta biologikoa emateko azpiegiturak.
Hondakinen gaia, "lehia politikotik atera" beharra
Udalerriei zero zabor norabidean konpromiso zehatzak hartzeko eskaera egin die Azpirozek. Gogoan izan Gipuzkoako udal batzuk jada, norabide horretan pauso handiak emanak dituztela. GHK-ko Administazio Kontseiluan ordezkaritza duen Gipuzkoa Zero Zabor mugimenduko kide Ainhoa Arrospidek eman ditu honen inguruko zenbait datu:
-8 udalerrik zero zabor konpromisoa gauzatua dute.
-18 herritan, gaikako bilketa %70-80 artekoa da. Eta udalerriotako erreusa, gutxi eta garbia da.
-17 herrik hondakinen %70 gaika biltzen hasteko konpromisoa hartua dute.
Birziklatzearen aroan sartu da Gipuzkoa Arrospideren esanetan, eta jada munduko hainbat txokotan martxan jarri duten zero zabor estrategia, gurean aplikatzeko ordua da. "Hiri hondakinen kudeaketa zero zabor norabidean jartzea, denontzako da interesgarria. Hondakinak baliabidetzat hartzean, jasangarriagoa izateaz gain, dirua aurreztu egiten dugu, lanpostuak sortu egiten dira eta Gipuzkoarentzat aukera berriak zabaltzen dira", zioen Arrospidek. Horretarako hori bai, "hondakinen gaia lehia politikotik atera behar da" adierazi du.