Txalo artean eta irribarretsu, pozik agertu dira hainbat eragile eta erakundeetako ordezkari, herritar mordoarekin batera, erraustegia bertan behera geratu izanaren garaipena ospatzera. Non eta noski, azpiegitura erraldoi hau kokatzekoak ziren lurretan, Zubietan, errebote plazan. Erraustegia bertan behera geratzea ahalbidetuko zuen, erakunde eta enpresen arteko asteazkeneko akordio historikoaren ostean, berehalakoan deitu zuten gaurko agerraldia, Gipuzkoa Zero Zabor, Eguzki, Ekologistak Martxan eta Errausketaren Aurkako Herri Plataformen Koordinakundeak. "Nik ere erraustegia gelditu dut" adierazteko gaur eguerdian Zubietara gerturatzera deitzen zituzten herritarrak. Eta beste behin, negu giroari aurre eginez, erantzun beroa izan du deialdiak, ondoko argazkian ikus daitekeen moduan.
Zubietako agerraldira gerturatu direnen artean, hasteko, errauste planta eraiki izan balitz, azpiegitura honetatik gertuen biziko ziren zubietarrak zeuden. Usurbildarrak ere bai. Baita Gipuzkoako beste zenbait udalerrietatik etorritako zero zabor edota ekologista taldeetako ordezkariak ere ikusi ditugu. Edota erakundeetako ordezkari politikoak; Usurbilgo Udaleko kideak, eskualdeko beste zenbait udal ordezkari, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortziokoak...
"Mamua, uxatua izan da"
Denak, elkar zoriontzera eta ospatzera gerturatu dira gaur eguerdian, Zubietara. Urte luzeetako borrokaren ostean lorturiko garaipenaren testuinguruan, poztasunez hitz egin du Fernando Iturralde zubietarrak. "Gustura gaude, pozik gaude. Erraustegirik ez dugu izango zeren eta askotan esan dugun bezala, ez dugu nahi, ez dugu behar, ez Zubietan, ez Gipuzkoan, ez Euskal Herrian, ez inon!", zioen. Azken hamarkada luze honetan, errauste plantaren mehatxupean bizi izan direnak gogoan hartu ditu. "Azken 10 urteotan Gipuzkoako beste herritar guztiekin batera bizi izan dugu errauste plantaren amets gaiztoa. Agian guk modu berezi batean bizi izan dugu. Guk eta gure seme-alabak 260.000 tona erre behar zituen labe toxikoaren ondoan lo egin behar izate horrek sortzen duen kezka erantsiarekin. Urnieta, Irun, Hondarribia, Lezo, Errenteria, Astigarraga, Hernani, Lasarte, Usurbil, Amasa-Villabona, Zestoa… Asko izan dira munstroaren hatsa gu bezala garondotik arnaska sentitu, ikaratu eta mobilizatu direnak. Guk horretan ohore pribilegiatua izan dugu. Azkenik gurean egitea erabaki zuten", zioen Iturraldek.
Orain ordea, egoera irauli da, eta zubietarraren esanetan, "Gipuzkoako herritarren indarraren esker, mamu hori gelditu, uxatua izan da".
"Bide itxaropentsu honetan lanean segi behar dugu"
Eta errauste planta gelditu izanagatik, "gaur garaipen honetaz gozatzea dagokigu. Zorionak eta eskerrik beroenak, borroka honetan bidelagun izan zaituztegun herritar zein eragile guztioi" zioen gaurko agerraldia deitu duten eragileen izenean, Ainhoa Arrospide Gipuzkoa Zero Zabor mugimenduko kideak.
Aspaldi lortu gabeko garaipen handia da honakoa, "Lemoizko zentral nuklearra gerarazi zenetik". Garaipena bai, herritar, eragile, eta "Gipuzkoa osoarentzat". "Garairik txar eta ilunenetan lanean aurrera egin izanaren fruitu gozoa dastatu ahal izan dugu berri pozgarri honekin", zioen Arrospidek. Eta bere esanetan, honek guztiak agerian utzi du, herritar eta eragileek errealitateak aldatzeko duten ahalmena.
Ahalmen horretan sinesten jarraitzeko gonbita luzatzen zuten Zubietatik. "zero zabor lurraldea izan dadin eragiten segi behar dugu". Hemen ez baita amaitzen, "garaipen berriak dauzkagu zain. Zabortegi kutsakorrak ixtea, gaikako bilketa eraginkorrak herri guztietara zabaltzea, materiala berreskuratzeko azpiegiturak eraikitzea eta berreskuratu ezin diren hondarrak, metodo ez toxikoekin tratatzeko azpiegiturak eraikitzea. Eta guztiekin, inoren osasuna eta ingurumena kaltetu ez dadin".
Festa erraldoia Zubietan, laster
Hamaiketako goxo bat dastatuz bukatu dute larunbat honetako agerraldira bertaratu diren herritar eta eragileek. Aurretik, denek kartulina txuriak eskutan, eurek ere erraustegia gelditu dutela adierazi nahi izan dute. Hitzezko mezu hau osatu dute herritarrek, errebote plazan bilduta.
Ekitaldi amaieran, etorri da iragarpena. Erraustegi proiektua behin betiko bertan behera geratu izana behar bezala ospatzeko, festa erraldoia iragarri dute. Laster ospatuko da Zubietan. Zenbait pista ordea eman dituzte antolatzaileek. 2011ko martxoan, gaur agerraldia egin den leku berean, errebote plazan grabatu zen flash mobeko pausoak gogora ekartzen hasteko gonbita luzatzen diete herritarrei. Hortik aurrerako xehetasunen berri, laster.