Erraustegi proiektua behin betiko bertan behera geratu dela ospatzeko jai erraldoia ospatuko da Zubietan laster. Hala iragarri Gipuzkoa Zero Zabor mugimenduak, Errausketaren Aurkako Herri Plataformen Koordinakundeak, Eguzkiek, Ekologistak Martxan, hainbat erakundeetako ordezkarik, eta herritar mordoak larunbat eguerdian, errebote plazan bertan burutu zen agerraldi jendetsu baten bidez. Jai giroko ekimen honen inguruan aurreratu zuten bakarra, 2011n gune berean grabatu zen flashmob ekimeneko pausoak berriz prestatzen hasteko herritarrei egiten dieten gonbita izan zen.
Txalo artean eta irribarretsu, pozik agertu ziren hainbat eragile eta erakundeetako ordezkari larunbat eguerdian Zubietara, herritar mordoarekin batera, erraustegia bertan behera geratu izanaren garaipena ospatzera. Non eta noski, azpiegitura erraldoi hau kokatzekoak ziren lurretan bildu ziren ondoko irudikoak. Erraustegia bertan behera geratzea ahalbidetu duen, erakunde eta enpresen arteko iragan asteazkeneko akordio historikoaren ostean, berehalakoan deitu zuten larunbateko agerraldia, Gipuzkoa Zero Zabor, Eguzki, Ekologistak Martxan eta Errausketaren Aurkako Herri Plataformen Koordinakundeak. "Nik ere erraustegia gelditu dut" adierazteko herenegun Zubietara gerturatzera deitzen zituzten herritarrak. Eta beste behin, negu giroari aurre eginez, erantzun beroa izan zuen deialdiak.
Zubietako agerraldira gerturatu zirenen artean, hasteko, errauste planta eraiki izan balitz, azpiegitura honetatik gertuen biziko ziren zubietarrak zeuden. Usurbildarrak ere bai. Baita Gipuzkoako beste zenbait udalerrietatik etorritako zero zabor edota ekologista taldeetako ordezkariak ere. Edota erakundeetako ordezkari politikoak; Usurbilgo Udaleko kideak, eskualdeko beste zenbait udal ordezkari, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortziokoak...
"Mamua, uxatua izan da"
Denak, elkar zoriontzera eta ospatzera gerturatu ziren Zubietara. Urte luzeetako borrokaren ostean lorturiko garaipenaren testuinguruan, poztasunez hitz egin zuen Fernando Iturralde zubietarrak. "Gustura gaude, pozik gaude. Erraustegirik ez dugu izango zeren eta askotan esan dugun bezala, ez dugu nahi, ez dugu behar, ez Zubietan, ez Gipuzkoan, ez Euskal Herrian, ez inon!", zioen. Azken hamarkada luze honetan, errauste plantaren mehatxupean bizi izan direnak gogoan hartu zituen. "Azken 10 urteotan Gipuzkoako beste herritar guztiekin batera bizi izan dugu errauste plantaren amets gaiztoa. Agian guk modu berezi batean bizi izan dugu. Guk eta gure seme-alabak 260.000 tona erre behar zituen labe toxikoaren ondoan lo egin behar izate horrek sortzen duen kezka erantsiarekin. Urnieta, Irun, Hondarribia, Lezo, Errenteria, Astigarraga, Hernani, Lasarte, Usurbil, Amasa-Villabona, Zestoa… Asko izan dira munstroaren hatsa gu bezala garondotik arnaska sentitu, ikaratu eta mobilizatu direnak. Guk horretan ohore pribilegiatua izan dugu. Azkenik gurean egitea erabaki zuten", zioen Iturraldek.
Orain ordea, egoera irauli da, eta zubietarraren esanetan, "Gipuzkoako herritarren indarraren esker, mamu hori gelditu, uxatua izan da".
"Bide itxaropentsu honetan lanean segi behar dugu"
Eta errauste planta gelditu izanagatik, "gaur garaipen honetaz gozatzea dagokigu. Zorionak eta eskerrik beroenak, borroka honetan bidelagun izan zaituztegun herritar zein eragile guztioi" zioen larunbateko agerraldia deitu zuten eragileen izenean, Ainhoa Arrospide Gipuzkoa Zero Zabor mugimenduko kideak.
Aspaldi lortu gabeko garaipen handia da honakoa, "Lemoizko zentral nuklearra gerarazi zenetik". Garaipena bai, herritar, eragile, eta "Gipuzkoa osoarentzat". "Garairik txar eta ilunenetan lanean aurrera egin izanaren fruitu gozoa dastatu ahal izan dugu berri pozgarri honekin", zioen Arrospidek. Eta bere esanetan, honek guztiak agerian utzi du, herritar eta eragileek errealitateak aldatzeko duten ahalmena.
Ahalmen horretan sinesten jarraitzeko gonbita luzatzen zuten Zubietatik. "zero zabor lurraldea izan dadin eragiten segi behar dugu". Hemen ez baita amaitzen, "garaipen berriak dauzkagu zain. Zabortegi kutsakorrak ixtea, gaikako bilketa eraginkorrak herri guztietara zabaltzea, materiala berreskuratzeko azpiegiturak eraikitzea eta berreskuratu ezin diren hondarrak, metodo ez toxikoekin tratatzeko azpiegiturak eraikitzea. Eta guztiekin, inoren osasuna eta ingurumena kaltetu ez dadin".
Hamaiketako goxo bat dastatuz bukatu zuten larunbateko agerraldira bertaratu ziren herritar eta eragileek. Aurretik, denek kartulina txuriak eskutan, eurek ere erraustegia gelditu dutela adierazi nahi izan zuten. Hitzezko mezu hori osatu zuten errebote plazan bildutako herritarrek.