Azken egunotako euri zaparraden eraginez, hazita dator Oria. Ur emari handiarekin zetorren errioa gaur goizean, Zubietako Aliri zubitik ateratako ondoko irudiak erakusten duen moduan. Eta gertutik jarraitu beharko da Oria, egoerak okerrera egin dezake eta, datozen egunotarako eginak dauden iragarpenak aintzakotzat hartzen badira behintzat. Alerta horian gaude atzotik. Eta hala jarraituko dugu asteazken eguerdira arte gutxienez. Zenbait lekutan, metro karratuko 50 litro baino gehiago pilatu daitezke datozen 24 orduotan.
Gaur arratsaldetik bihar goizera arterako orduak izango dira zailenak, "trumoi-ekaitza eta txingorra izateko probabilitatea handia" baita Euskalmet-en arabera. Inguruotako mendi gain altuenak ere zuritu ditzake bihar goiz partean. 500 metrotatik gora elurra egin baitezake.
Euriteengatik alerta laranjan ostegun osoan
Baina zalantzarik gabe, eta datozen orduotan prebisioak aldatzen ez badira behintzat, okerrena ostegunerako espero da. "Prezipitazio iraunkorragatik" alerta laranjan egongo baikara, azaroaren 21ean, etzi beraz, egun osoz. Asteazkenetik ostegunerako gauerdian hasi, eta ostegun arratsaldeko 18:00ak arte, "kantauri isurialdeko zenbait lekutan 24 orduan 60 l/m2 baino gehiago pilatuko dira. Prezipitazio txiki-ertaina egingo du, ugaria eta iraunkorra, kantauri isurialdean oso ugaria. Egunaren bigarren partean trumoi-ekaitza eta txingorra izateko probabilitatea handia da". Hala dio Euskalmet-ek.
Adi beraz, egunotarako eguraldi iragarpenei:
AZAROAK 19, ASTEARTEA
"Astearte honetan ere euria egingo du, baina tenperaturaren jaitsiera izango da hizpide. Eguraldiak neguko itxura hartuko du gaur: iparraldeko haizea zakarra ibiliko da, ziertzo-bolada oso gogorrekin, eta zaparradak botako ditu, orduak pasa ahala gero eta handiagoak. Egunaren bigarren partean trumoi-ekaitza eta txingorra izateko probabilitatea dago. Tenperatura maximoak, 7-12 ºC artekoak; elur-kota jaitsi eta egunaren amaieran baliteke 600-700 metrora kokatzea".
AZAROAK 20, ASTEAZKENA
"Asteazkeneko giroa oso hotza izango da, baita euritsua ere. Tenperatura are beherago jaitsiko da eta egunaren lehenengo partean litekeena da elur-kota 500 metrora egotea. Arratsaldean elurraren mailak gora egingo du eta egunaren amaieran 900-1000 metrora kokatuko da. Zerua oso hodeitsu egongo da eta zaparradak botako ditu, noizbehinka ekaitza eta txingorrarekin batera. Tenperatura maximoak, 10 ºC azpitik".
AZAROAK 21, OSTEGUNA
"Osteguna oso euritsua izango da. Euria etengabe eta barra-barra egingo du egun osoan, isurialde atlantikoan batez ere; arratsalde-gau partean, euria egiteaz gain, ekaitza eta txingorra ere izan daitezke. Tenperaturak gora egingo du apur bat eta elur-kota 800-1000 metro inguruan egongo da. Mendebal/ipar-mendebaldeko haizea zakartu egingo da eta haize-bolada oso gogorrak eta ezatseginak espero dira".
Eguraldiari loturiko informazio eguneratua Euskalmet-en duzue, helbide honetan: http://www.euskalmet.euskadi.net