Jose Antonio Telleriaren hilketari loturiko epaiketa abian da atzotik, Gipuzkoako Auzitegian. Herri epaimahaiko kideak izendatuta hasi zen atzo. Astearte honetan, 2012ko apirilean ustez Telleria hil zuen ilobak deklaratuko du gaur, hedabideek berri eman dutenez. Fiskaltzak, 24 urteko gazte usurbildarrarentzat 13 urte eta 10 hilabeteko kartzela zigorra eskatzen du, psikiatria zentro batean ingresatzeko beste 20 urteko eskaera egitearekin batera. Hala diote zenbait hedabideek.
Jose Antonio Telleria buruan tiro bat zuela hilda aurkitu zuten 2012ko apirilaren 7an, goizez, bere etxean, Lasarte-Oriako Zabaleta auzoko Pepe-Enea baserrian. 47 urteko gizonezkoarekin bizi eta harekin lan egiten zuen 50 urteko beste gizonezkoa atxilotu zuen Ertzaintzak hasiera batean, baina berehala kargurik gabe aske utzi zuten, "gertakariarekin inolako loturarik ez zuelakoan". Biharamunean, gaur deklaratzekoa den 24 urteko gazte usurbildarra atxilotu zuten.
Telleria ezaguna zen inguruotan herri kirolen munduan, bereziki idi dema probetan.