Datorrena, Mendi Astea izango da Usurbilen

Noaua Aldizkaria 2013ko aza. 19a, 00:00

Mundu zabalean grabaturiko bi proiekzio, antolatzaileek prestaturiko hirugarren emanaldi bat, eta Usurbilgo mugetatik barrena ibilaldia. Proposamenokin osatu dute Andatza Mendizaleen Kirol Taldekoek, azaroaren 27tik 30era luzatuko den 2013ko Mendi Astea.

Karakorumera bidaiatuko dugu Alex Txikonekin azaroaren 28an. Bertan eginiko ibilaldien berri jasoko dugu hurrengo ostegunean. Bezperan, Marimenditarrak izango ditugu  Mendi Astea estreinatzeko protagonista nagusiak. Eta haiekin Andeetara hegan egingo dugu; Ishinca (5.550 m), Urus (5.470 m) eta Pisco (5.752 m) gailurrak zapaldu zituzten 2010ean. Hiru gailurrok egitera joandako emakumeon ibileren berri izango dugu azaroaren 27an, “2010 Marimendiak Andeetan” izeneko ikus-entzunezkoan.

Federatu txartelak berritzeko aukera
Eta hirugarren eta azken emanaldia, etxekoek prestaturikoa izango da. Amaitzear dugun 2013. urtean zehar Andatza Mendizaleen Kirol Taldekoek antolatu dituzten irteeretan ateratako argazki eta grabatuko bideoen emanaldia proiektatuko dute azaroaren 29an. Saio guztiok, hitzordu bera dute; 19:30etan, Sutegiko auditorioan. Ekitaldiok hasi aurretik gainera, antolatzaileek Sutegi sarreran jarriko duten mahaian datorren urterako, 2014rako federatu txartelak berritzeko aukera egongo da. Honez gain, Mendi Asteari amaiera emango dion mendi irteeran izena emateko aukera egongo da mahaian bertan. Usurbilek Orio eta Donostiarekin dituen mugetatik barrena ibilaldia antolatu baitu Andatza MKT-k, azaroaren 30erako. Mendi bueltatik itzultzean, Patri jatetxean bazkaltzeko aukera egongo da.


Datorren Mendi Astean beraz, izango da zer ikusi eta zer entzuna. Azaroaren 27tik 30erako eskaintza osoa, hemen:

Azaroak 27, asteazkena
19:30
Hitzaldia eta ikus-entzunezkoa Sutegin: “2010 Marimendiak Andeetan” Uxue Berridiren eskutik.

Azaroak 28, osteguna
19:30
Ikus-entzunezkoa Sutegin: Alex Txikonek Karakorumen egindako ibilaldiak eta hainbat jauzi ikusteko aukera.

Azaroak 29, ostirala
19:30
2013an Andatza Mendizaleen Kirol Taldeak antolatutako mendi irteeren bideo eta argazki emanaldia.

Azaroak 30, larunbata
8:00
Mendi ibilaldia mugarrietara.
Ondoren, bazkaria Patri jatetxean.

Oharra:
-Sutegin burutuko diren ekitaldien aurretik, 2014ko federatu txartelak berritu edota asteburuko ibilaldirako izena eman ahalko da.

Informazio gehiago: andatzamendizale.info
Antolatzailea eta albisteko irudia: Andatza Mendizaleen Kirol Taldea.