Gaur eguerdian bestelakorik zabaldu badugu ere, abokatuaren bidez jakin dute etxekoek bihar goizean aztertuko dutela Ramon Uribe presoaren egoera. "Beraz, momentuz eta tamalez Topaseko espetxean jarraituko du, egun bat gehiago preso", Usurbil Eginez blogean irakurri dugunez.
Espetxe zigor osoa beteta, iragan abenduaren 3an kalean behar zuen Ramon Uribek, baina ia beste urtebete izan dute preso Salamancako espetxean, 197/2006 doktrina aplikatu ostean. Europako Giza Eskubideen Auzitegiak urriaren 21ean Parot izenez ezaguturiko doktrina indargabetu ostean, jada kalean behar zuten arren, doktrina honen eraginpean espetxean jarraitzen zuten hainbat preso aske uzten joan da Espainiako Auzitegi Nazionala azken asteotan. Aske utzi beharreko hamarnaka euskal presoen artean dago Ramon Uribe. Bihar goizean aztertuko dute kalezartarraren egoera.
"Salbuespenezko espetxe politikaren amaieraren hasiera da"
Modu horretan baloratu zuten eragile eta herritarrek urriaren 21ean Mikel Laboa plazan urgentziaz burutu zen elkarretaratzean, ordu batzuk lehenago Europako Giza Eskubideen Auzitegiak 197/2006 doktrinaren aurka kaleratu zuen epaia. Estrasburgotik heldu berri zena, albiste ona zela zioten. Albiste ona bai giza ikuspegitik, aspaldi kalean behar izan eta espetxean urte luzez egon den euskal preso bat baino gehiagorentzat askatasuna suposatuko zuelako, eta albiste ona baita, ikuspegi kolektibo batetik; "salbuespenezko espetxe politikaren amaieraren hasiera da" eta.
Garaile eta garaituen diskurtso horretan erori gabe, "gaurko garaileak giza eskubideak dira" aipatu zuten Mikel Laboa plazan. Eta hori, giza eskubideak betetzeko eskatu zen. Mobilizazioko aldarriak ere hala zioen; "Minutu bat gehiago ez. Ordua heldu da. 197/2006 doktrina eten". Bidegabeki preso daudenen askatasuna atzeratzea, Estrasburgoen epaia eta gero prebarikaziotzat joko dela adierazi zuten, "legez kanpoko zigorra luzatzea baita". Honen guztiaren aurrean, egoera berri hau arduraz kudeatzeko eskaera luzatu zitzaion gobernu espainiarrari. Usurbildar batena tartean. Beste hamarnaka presoren artean, Ramon Uribe usurbildarrari aplikatu zitzaion eta iaz, 197/2006 doktrina. Kalean behar zuen iragan abenduan, baina espetxean jarraitzen du oraindik.