Goizean Usurbildik abiatu den senide eta herritar taldea, Salamancako Topas espetxe atarian dago jada. Ramon Uribe aske noiz utziko duten zain, sare sozialetan zintzilikatu duten ondoko argazkiak erakusten duen moduan.
Espainiako Auzitegi Nazionalak 197/2006 doktrinaren eraginpean zegoen Ramon Uribe eta beste 8 euskal preso aske uztea agindu du; Jose Etxeberria, Maitane Sagastume, Juan Jose Zubieta, Xabier Goldaraz, Juanjo Legorburu, Jokin Urain, Manuel Gonzalez eta Jesus Mari Zabarte.
Hasiera batean atzo aske geratuko zela zabaldu arren, azkenean gaur erabaki dute epaileek, Ramon Uribe aske uztea. Salamancako Topasen dute preso, usurbildarra. Gogoan izan, espetxe zigor osoa bete eta iazko abenduaren 3an kalean behar zuen arren, kalezartarra ia urtebete gehiago izan dute preso Topasen, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak urriaren 21ean indargabetu zuen 197/2006 doktrina aplikatu izanaren ondorioz. 19 urtez (18+1) preso egon ostean, datozen orduotan etxerako bidea hartuko du Uribek, senide eta lagunez inguratuta.
Datozen orduotan aske geratuko direnekin 33 dira, urriaren 21ean Europako Giza Eskubideen Auzitegiak 197/2006 doktrina indargabetu zuenetik aske geratu diren euskal presoak. Espainiako Auzitegi Nazionalak aske utzi dituen azken euskal presoak, Juan Carlos Arruti, Iñaki Rekarte eta Luis Mari Lizarralde dira (azken bi presook, Langraitz bidea delakoari loturikoak). GRAPOko preso Jaime Simon Quintela ere aske utzi dute.